GARA > Idatzia > Kultura

Johnny Cash-en musikari lagunak

The Tennessee Three

Beltzezko gizona lagundu zuten mitoaren hastapenetan. Bilbon dira orain, lehenengoz, WS Holland bateria-jotzailea eta Bob Wootton gitarra-jotzailea, country amerikarraren aitzindariak.

Anartz BILBAO | BILBO

Baritono ahots sakonaren jabe, Johnny Cash mito bihurtu zen folketik abiatuta rock'n'rolla nahastu eta country musika jotzeko estilo propioa garatuz. «Beltzezko gizona» legez ezagutzen den artistak ibilbide oparoa landu zuen, 1997an gaixotasunak jota errepideari uko egin zion arte. Rock & Rollaren jaiotzaren lekuko, Sun disko etxe entzutetsuan egin zituen hastapenak Cashek, The Tennessee Three taldeko musikariekin batera.

Orain, laguntzaile izan zituen WS Holland eta Bob Woottonek gidatutako taldeak 2003ko irailaren 12an Nashvillen zendutako maisua omendu du, Cashen kantuak bildu dituen «The Sound Must Go On» lanarekin. Zuzeneko aurkezpenak egiteko, aipatutako beteranoekin batera Lisa Horngren eta Vicky eta Scarlett Wootton arituko dira, Euskal Herrian lehenengo aldiz den taldearekin.

WS Hollandek 1954an hasi zuen musika ibilbidea, Sun disko etxeko bateria-jotzaile legez Carl Perkinsen irarketetan parte hartuz, tartean «Blue Suede Shoes». Elvis Presley, Roy Orbison edo Jerry Lee Lewisekin birak egin zituen eta, 1960tik aurrera, Johnny Cash lagundu zuen honek gitarra eskegi zuen arte. Ringo Starrek miretsitako morroiak bost hamarkada daramatza oholtza gainean. Zortzi urte beranduago, 1968an, elkartu zen Johnny Cashen taldearekin Bob Wootton gitarra-jotzailea, sute batean hildako Luther Perkins ordezkatzeko.

Arkansasen 1932an jaiotako John R. Cash 12 urte zituela hasi zen kantuak egiten eta 1954an hasi zen country musika jotzen. Sun Recordsen eman zituen lehenengo pausoak, Luther Perkins gitarra-jotzaileak eta Marshall Grant baxu-jotzaileak osatutako The Tennessee Tworekin. 1958an Columbia Recordsera aldatu eta W. S. Holland bateria-jotzailearekin The Tennessee Three bihurtuko zen taldea, urtean 300 kontzertutik gora emateko. Luther Perkinsen heriotzak taldeko ateak zabaldu zizkion maisuaren antzeko ahotsa duen Bob Wootton gitarra-jotzaileari. Harrezkero, «beltzezko gizonaren» atzealdeko gizonak bihurtu ziren (Marshall Grant 2004an erretiratu zen), harik eta Cash 1997an parkinson gaitzak jo zuen arte.

Fitxa

Data: Larunbata

Lekua: Kafe Antzokia (Bilbo).

Ordua: 22.00etan.

Sarrera: 18/20 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo