Martin Aranburu Karrera - Politologoa
Kosovo independienterik ez
Egunkari batean idaztea suertatzen denean, gaien berritasuna izaten da, niretzat behintzat, zailenetakoa. Gaiak behin eta berriz ez errepikatzea alegia. Behin baino gehiagotan aritu natzaizue gaur buruan darabilkidan gaiari buruz, baina, aspergarria izateko beldurra baztertuta, arrazoi soil baina bortitz batek bultzatu nau Kosovoz aritzea: behin eta berriz gai honen inguruan Euskal Herrian entzuten ditudan iritziak.
Gaia konpontzeke dago. Oso laburki, eta gehiegizko sinplifikazioak eragiten dituzten zehaztazun gabeziengatik barkamena eskatuz, albaniarren eta serbiarren arteko iritzi konponduezinak sortzen dituen egoeraren blokeoa gainditu gabe dago oraindik ere. Albaniarrek independentzia aldarrikatzen dute, serbiarrek aldiz, independentzia alboratuko lukeen autonomia. Sozialki, ezin-ikusiak bi komunitateen artean, albaniarrak gehiengo nabarmena izanik, serbiarrak NATOren tropek babestutako erreserba itxurako enplazamendauetan bizi dira, haien herrietatik atera ezinik.
Oso orokortua da Euskal Herrian Kosovoko albaniarren aldeko iritzia. Independentzia zilegi dela esanez, arazoa gehiegi sinplifikatzen dugu, alde batean askatasuna nahi duen herri albaniarra eta bestean askatasun gose horiek ukatzen dituen herri inperialista serbiarra kokatuz. Oso ikuspegi sinplea hain sakona den arazoa aztertzeko. Kosovon dagoen arazoak bi ikasgai oso garrantzitsu erakusten dizkigu guri: lehendabizikoa autodeterminazio eskubidearen teorizazioari buruzkoa eta bigarrena eskubide kolektiboen mugen ingurukoa.
Autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen dugu askok Euskal Herrian. Zertan oinarritua ordea? Populuan edo lurraldean? Populazioan oinarritzen badugu, zalantzarik ez da Kosovoko lurraldea osatzen duten km2 horietan albaniarrak direla nagusi. Bost mendez bertan bizi izan diren albaniarrak, bere buruari horrela esaten baitiote oraindik ere: albano-kosovoarrak. Populazioa oinarrituz arazorik ez beraz, bertako biztanleak erroldatu, bozketa egin eta gehiengoak esaten duena errespetatu. Parametro horiek ontzat jotzen baditugu, zein da espainiar subiranotasuna edo frantziar subiranotasuna ukatzeko argudioa? Planteamendua beste era batetan egin nahi dut. Zilegi al da, lurralde bateko konposizio soziologikoa aldatu eta gero, lurralde horren etorkizunaren eragile erabakitzailean bihurtu nahi izatea? Ontzat joz gero, zergatik kritikatu Ipar Irlandan ezarri ziren eskoziar protestante populazioak? Bere garaian Ipar Irlandako sei kondaduetan emandako aldaketa soziologikoak bi komunitateen arteko gatazka sortu izan du urteetan. Han irlandarren planteamenduak onartzen dituzten askok, ordea, ez dituzte Kosovon bizi diren serbiarren planteamenduak konpartitzen. Herri baten etorkizuna ez da soilik populuaren gehiengo soziologikoan oinarritu behar. Badira nire iritziz, kontuan hartu beharreko beste elementu batzuk: herrien eskubide kolektiboen mugak.
Zalantzarik ez da herriek eskubide kolektiboa dituztela. Albaniar herriak (Kosovoren ondoan Albania deritzon herri eta estatu independiente bat esistitzen dela gogoratu) bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du, are eta gehiago, bere buruari eman nahi dion garapen kultural, politiko, soziala eta ekonomikoaz erabakitzen uzti behar zaio. Eskubide horri aldiz, beste eskubide bat kontrajartzen zaio: serbiarrek, munduko beste estaturik ez duen kultura serbiarraren zutabetzat jotzen duten lurralde hori mantentzeko eskubidea. Bi eskubide. Bi arrazoi. Biak zein baino zein zilegi. Baina, bidezkoak izan gaitezen alderapenean: bostehun urteetan integratu ez diren albaniarrak serbiar kulturaren jatorria duen lurraldeari uko egiteko exijitzen diete. Etorkizun zaila bere kulturaren jatorria galtzen duen herri batentzat. Gutako zein dago horri uko egiteko prest? Serbiarrei ordea, urrats hori egin dezaten eskatzen zaie.
Azken elementu bat argitu nahi nuke. Auzia objetiboki egiteko ahalmena edukiz gero, bestelako ondorioetara ailegatuko ginateke. Serbiar errepublikako agintari politiko zehatz batzuek agindutako, planifikatu eta martxan jarritako garbiketa etnikoaren ardura ezin zaio herri oso bati leporatu. Ez da bidezkoa. Eta batzuek egindakoagatik, ezin zaie Kosovorekin inolako erlaziorik izan ez duten miloika serbiarrei bere kulturaren jatorrizko eremua den lurralde horri uko egiteko eskatu. Garbiketa etnikoaren arduradunak atxilotu, epaitu eta zigortu. Zigorrik ez hedatu ordea. Ukaezina da Kosovon bizi ziren serbiar askok Poliziak egindako sarraskeriez profitatu zirela. Orain albaniarrak egiten duten bezalaxe. Norbere kulturan eta hizkuntzan ezin bizitzearen errealitate gordina ezagutzen dugun euskaldunok, hausnarketa txiki bat egin beharko genuke 86an Kosovon serbiarrei esandako hitz horien inguruan: «ez da berriz Kosovon, bere burua atzerritar sentitzen duen serbiarrik izango». Ez al dugu guk askotan penrtsamendu berdina izan?
Ez dut gai gordin baten inguruan inoren iritzia aldatu nahi. Bestelakoa da nire helburua. Euskal Herrian, Kosovoren independentziaren aurka gauden independentistak ere bagaude. Gure kulturaren jaiolekua den Nafarroarekin alderatzen baitugu Kosovo. Besterik ez.