GARA > Idatzia > Ekonomia

Enkante berri bat egingo da Axeriborda baserriarengatik diru gehiago eskaini ostean

Duela hiru aste eskas 300.000 euroan saldu bazen ere, eskaintza handiagoa tarteko, Amikuze eskualdeko etxaldea berriro jarriko da enkantean. Landa lurren «espekulazioa" delakoan, erreakzio ugari sortu da.

M.A. |

Baionako epaitegian joan den otsailaren 19an enkantean saldu zen Axeriborda baserria berriro salduko da, legeak baimendutakoaren arabera, hamar eguneko epean eskaintza berria egin delako. Bithiriñako etxaldea 22 hektarea lur, etxe zahar bat eta nekazaritzarako hainbat eraikinez osatzen da. Senideen arteko liskarren ondorioz, aferak epaitegian amaitu zuen eta enkantean jarri zen 122.000 euroan.

Azken eskaintza 300.000 eurokoa izan zen orduan, baina orain beste erosle ezezagun batek 30.000 euro gehiago erantsi ditu. Horrenbestez, epaitegietako prozedura jarraiki, gehienez ere hiru hilabeteko epean, enkante berria egin beharko da, 330.000 euroko salneurritik abiatuta.

Lehen enkanteak protesta ugari eragin zituen, batez ere, laborari berriak instalatzeko laguntza ematen duen Lur Hats elkartearen eta ELB laborari sindikatuaren aldetik.

Nekazaritza proiekturik ez

Horrelako prozedurak «espekulazioa areagotu eta nekazarien lan-tresna izugarri garestitzen» dutela salatu zuten epaitegira bertaratu ziren hamarnaka laborarik.

Nekazal lurren kudeaketaz eta laborarien instalazioan arduratzen den SAFER erakunde ofizialari dei egin zioten lehentasun eskubidea erabil zezan. Egun batzuk geroago erakunde horrek iragarri zuen ez zuela, Axeribordaren kasuan, eskubide hori erabiliko. Interesdun batek etxaldea bereganatzeko asmoa azaldu zuen arren, Jean-Claude Saint-Jean SAFEReko zuzendariak adierazi zuen, ezinezkoa zela eskaintza onartzea, aurkeztutako egitasmoak ez zuelako nekazaritzarekin zer ikusirik.

Laguntzak

Prezio horretan, gainera, Saint-Jeani zaila iruditzen zaio oso inork nekazaritza proiektu bat aurrera eman ahal izatea: «Lurrik, baserririk eta aziendarik ez duen laborari gazte batentzat, ia ezinezkoa da salneurri horiei aurre egitea». Erakundeek nekazaritza ustiapenak eskuratzeko laguntzak eman beharko lituzketeela gehitu zuen Saint-Jeanek.

Eskaera bera egin izan du, behin eta berriro, ELBk. Sindikatuaren esanetan, «laborantzaren etorkizuna interes publikoko afera da baina, zoritxarrez, politikariek edozer gauza egiten uzten dute». Gainera, salneurriok hurrengo salmentetarako erreferentzia bilakatzeko arriskua dagoela uste du ELBk.

Lurren prezioa garestia izateaz gain, Axeriborda etxea berritu egin behar da. Lan-tresneriaren eta makinen kostua gehituta, laborari batentzat gastu guztiei aurre egitea ezinezkoa dela nabarmend du. Arduraz jokatzeko eta «bideak edo industriaguneak egiteko laguntzak ematen duten bezala, landalurren erreserbak egiteko ere inplikatzea» exijitu die hautetsiei. Otsailean sindikatuak esan zuen moduan, «politikari eta hautetsiek beren ardurak hartu behar dituzte azken finean, lurren merkatua horrela funtzionatzen uzten dutelako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo