GARA > Idatzia > Kultura

Alegiak ardatz hartuta, «magiaz beteriko" areto literarioa da Galtzagorrik dakarrena

Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura sustatzeko Elkarteak areto literario berria sortu du, urtero legez. Alegiak oinarri dituen «Animaliek hizketan zekiten garaian" aurkeztu du berri du Ordizian, eta gerora beste hainbat lekutara ere bidaiatuko du ekimenak. Tradizioan erabili den haur literaturako generoari heldutako hitzordua sei eta bederatzi urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago. Oraingoan, gainera, berritasunik ere badakarte.

I.AULESTIARTE | DONOSTIA

Itziar Zubizarreta idazle eta ipuin kontalariak aipatu bezala, Galtzagorrik antolatutako aretoak literaturarekin zerikusia duen esperientzia bat bizitzera gonbidatzen ditu gaztetxoak. Horretarako, ekimenaren egiturak zenbait aukera eskaintzen ditu; batetik, erakusketa moduan uler daiteke, «zer ikusia badagoelako bertan»; eta, bestetik, jolas literario batean parte aktiboa hartzeko beta ere ematen du, «hori baita batez ere guk bultzatzen duguna». Hain zuzen, areto bakoitzaren lagungarri gisa jolas bana antolatu, eta bertan parte hartuta betetzen dituzte gazteek xede nagusiak.

Aurtengo ekitaldia sei eta bederatzi urte bitartekoei zuzenduta dago, eta alegien mundua aurkezten du finean. Zubizarretaren esanetan, beraz, «tradizioan erabili den haur literaturako genero bati heldu diogu. Eta, formari begiratzen badiogu, haurrak antzespen testu batez ariko dira jolasean ezsenatokian».

«Animaliek hizketan zekiten garaian» esaldia tradizioan erabili dute ipuinei hasiera emateko, «Antzin antzinean» edota «Behinola» diotenak bezalaxe. «Gure hasiera tradiziozkoa da, tituloan eta sortu dugun alegi berriaren hasieran ere bai -aipatu du idazleak-. Izan ere, alegi berri bat sortu dugu propio areto honetan aritzeko. Marrazki eta animazio pixka batekin eskaintzen diegu parte-hartzaileei antzerkia egin eta gero. Alegi horrek, tradiziozko alegiek bezalaxe, ikaspen bat du: Bat ez da beste inor baino gehiago, indar handiagoa baldin badu ere».

DVD eta guztirekin

Ipuina musika garaikidedun konposaketa batean txertatua dator eta, esatariarekin eta horretarako sortutako marrazkiekin DVDa ere prestatu dute. Ipuin kontalariak azaldu duenez, «musika oso berezia» da Aurelio Edler Copes-ek sortu duena, harpa, biola eta flautarentzat idatzia. Grabaketa Eresbilen egin dute, baliatu marrazkiak Aitziber Alonsorenak dira; ipuina, gidoia eta jokoa, aldiz, Itziar Zubizarretarenak.

DVDaren hasieran Oxobiren alegia agertzen da, «Belea eta axeriarena». Eta hortik aurrerakoa, berriz, Zubizarretak asmatutakoa da, berria.

Metakrilatozko etxetxo artikulatu bat baliatzen du Galtzagorrik hitzordurako; eta ekintzek aurrera egiten duten neurrian ateratzen dira etxearen atal ezberdinak, idazleak berak azaldu duenez. «Etxetxo horren inguruan, eta paperezko animalitxo batzuen laguntzaz, parte hartzaileek alegiaren zatiak antzezten dituzte. Horren bidez sakondu egiten dute alegiaren hitzetan eta haren esanahian». Ondoren, gazteek DVDa ikusi eta bukaeran liburu batzuk ikusiko dituzte aretoan.

Laguntza, ezinbestekoa

Galtzagorrik esan duenez, «Animaliek hizketan zekiten garaian» «magiaz beteriko aretoa da, haurrek zuzenean hartuko baitute parte sortutako alegietan». Aurkezpen txartel horrekin, Ordiziako haurrek hartu dute ekimena, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin Legazpira, Oñatira eta Tolosara eramango dute.

Zubizarretak hauxe adierazi du: «Aretoak sortzeko diru-laguntzak erabiltzen ditugu, bai Eusko Jaurlaritzakoak bai eta Kultura Ministerioarenak ere. Hala lortzen dugu halako areto handiak sortzea, izan ere, jende askok hartzen baitugu parte sorreran, eta gero hauen zabalbidean ere».

SORTZAILEAK

Areto berriaren ideia, zuzendaritza eta DVDaren gidoia Itziar Zubizarretarenak dira. Saioak Zaldibiako Olatz Imaz dinamizatzaile egingo ditu. Diseinu grafikoa Aitziber Alonsok eta musika konposizioa Aurelio Edler Copes-ek egin dute.

Fitxa

Lekuak eta datak: Legazpiko

liburutegian, martxoaren 19tik 25era; Oñatiko liburutegian, apirilaren 23tik 29ra; eta Tolosako haur liburutegian, aldiz, maiatzaren 2tik 13ra bitartean.

Arduraduna: Galtzagorri

elkartea.

«Gainerako arte ederrekin harremanetan", bidea eginez

«Haurrek sentimenduak esperimentatzea, literaturaz modu ludikoan gozatzea, literatur zaletasuna suspertzea eta hizkuntzaz gozatzea» lirateke, Galtzagorriren esanetan, antolatu dituzten saioen erronkak.

Urte asko daramatza elkarteak literatur aretoak sortzen, eta horietan zenbait genero lantzen dituzte: «Irakurzaletasuna suspertzeko ekintzak bideratzen ditugu, gainerako arte ederrekin harremanak sortzen ditugu», Itziar Zubizarretak laburbildu duenez. Horretarako, aspaldian egin dituzten aretoetan musika originala erabili dute, Musikenen lanean edota ikasten dabiltzan musikoen laguntzarekin: «Haiek konposaketa aproposak egin dizkigute -dio- gure ipuinak musika garaikide kontextu batean sartzeko».

Bere aburuz, irudietan ere zorrotz jokatu dute, eta orain arte bi areto antolatu dituzte irudigintzaren gainean. «Horietan euskal irudigile eta unibertsal kulturakoak aditzera ematen ditugu ikusgai eskaintzen ditugun CDaren bidez», idazlearen esanetan. Beretzat, gainera, aretoen espazioa «oso garrantzitsua da; espazio propioak diseinatzen ditugu, jokoari babesa ematen dietenak».

Zenbaitetan espazio horiek elementu poetiko-sinbolikoak dituzte; beste hainbatetan, berriz, aretoetan jokoan beharrezkoak diren elementuak sartzen dituzte -aurtengoan, adibidez, etxetxo bat eta paperezko animaliak-.

Zubizarretak aipatu duenez, sortu izan dituzten aretoak batik bat Gipuzkoan eta Bizkaian egin dute haien ibilbidea. «Gure esperantza da hemendik aurrerantz beste euskal lurraldeetara ere iristea, Leongo Feriara iritsi garen bezala. Iaz eman genion hasiera esperientzia honi. OEPLIren izenean aurkeztu genuen gure `Poesia aretoa', eta lau hizkuntzatan aritu ginen. Arrakasta handia izan genuen, eta aurten bi areto eramango ditugu hara». Nolanahi ere, hauxe nabarmendu du: «Gure nahia Nafarroa, Araba eta beste aldeko bideak irekitzea litzateke, batez ere, baina ez da erraza kontaktuak zabaltzea».

Zailtasunak zailtasun, dena den, Galtzagorrikoek jakinarazi dute asko direla areto hauenganako interesa agertzen dieten liburuzain, irakasle eta kultur sustatzaileak. Eta, horrez gain, zera ere gogorarazi dute, pozarren: «Hainbat liburutegi eta kultur etxetan tradizio bihurtu da urtero Galtzagorriren areto literario berria bertako haurrei eskaintzea».

Hala bada, finean «jolas literarioak» diren ekimenek beren bideari eusteko erronkarekin segiko dute.

I.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo