Hala Bediren «Bertxoko" saioak Arrosa Sarerako jauzia egin du
Hala Bedik ekoizten duen «Bertxoko" saioak ibilbide luzea egin du Gasteiz eta inguruko irrati uhinetan. Hemendik aurrera, bertsolaritzari buruzko saioa Arrosa irrati libreen sarean eskainiko da eta, beraz, gainerako irratiek ere saioa eman ahal izango dute.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Izenak berak aditzera ematen duen gisa, bertsolaritzaren munduari begira dagoen saioa da «Bertxoko». Hala Bedi irratiaren uhinak baliatuz Araba inguruetan entzutea lortu du irratsaioak eta, hemendik aurrera, Arrosa Sarean -Euskal Herriko irrati libreen elkartasun topagunea- sartuko da. Hala, programa eskura izango dute sareko kide diren irrati libreek eta saioa, beraz, tokian tokiko hedabideek eskaini ahal izango dute.
Arabako bertso zaletasunari bultzada eman nahian sortu zen orain bost urte «Bertxoko», lurralde horretako Bertsozale Elkartearen eta Hala Bedi irratiaren arteko elkarlanaren ildotik. Euren hasierako asmoa Arabako bertsolaritzaren esparrua aitzaki hartuta ikuspegia zabaltzea bazen ere, egun Euskal Herrian sortzen diren berriak eskaini eta egiten diren ekimenen berri ere ematen diote entzuleari.
Hala, saioa atalka baino gehiago asteak gertatzen diren berrien arabera egokitzen dute baina, hala eta guztiz ere, astero elkarrizketaren bat bideratzen ahalegintzen dira. Gainerako tarteak, agendaren arabera egiten dituzte.
Dagoeneko Arrosa Sarean hiruzpalau saio eskaintzen dituzte eta, uhinez aparte, sarean ere (www.halabedi.org) zintzilikatzen dituzte irrati-tarteak, bertsorik onenak eta bestelako materiala. Zenbait deialdiren berri ere ematen dute eta, beraz, bertsozaleek badute aukerarik sarean ere.