RUTA DE LA PLATA Berdinketa Zamoraren aurka
Ondo jokatu arren, Eibarrek agur esan dio lehen postuari
Eibarrek etxetik kanpoko partidarik onena jokatu zuen atzo Zamoran, baina bigarren postura bueltatzen zaion berdinketa besterik ez zuen lortu
GARA | ZAMORA
Zazpi egun besterik ez du iraun Eibarren lehen postuan. Tamales, Guijueloren aurka eskuratutako nagusitasuna atzo galdu zuen, Palentziak ez baitzuen probetxurik hartu gorri-urdinek Zamoran sinatutako berdinketa.
Ez zuen, ez, merezi izan talde gipuzkoarrak hain emaitza pobrea, etxetik kanpoko partidarik onena egin baitzuen Ruta de la Plata zelaian. Oso sendo atzealdean, behetik gora joan ziren eibartarrak, Zamorak hasieran izan zuen nagusitasuna gainditu eta arratsaldeko aukera garbienak eduki zituen.
Garbienak eta bakarrak, izan ere. Etxekoak gogotsu aritu ziren lehen minutuetan, jokoa menderatuz, baina bere taldekideen seriotasunari esker, Zigorrek ez zuen ia lanik eduki. Daniri, berriz, sufritzea egokitu zitzaion, batez ere lehen zatiko azken minutuetan, Iñigo eta Codinak hiru aukera garbiak jarraian sortu zituztenean.
Baloia ez zen sartu baina aukerek gorri-urdinak animatu zituzten eta bigarren zatian nagusi izan ziren. Jokoari dagokionez eta, berriro ere, gol aukerei dagokienez. Ruben Garciak izan zuen garbiena, hasi bezain laster, baina Daniren erantzun ikusgarriarekin topo egin zuen jaurtiketak.
Hurrengo minutuetan Eneko Romo edota Codina saiatu ziren ere, baina haien aukerak antzerako patua izan zuten eta talde gipuzkoarra, azkenean, berdinketarekin konformatu behar izan zen.
Arratsaldeko berririk txarrenak Jon Urzelai izan zuen protagonista. 24. minutuan erretiratu behar izan zen eta oñatiarrak hausdura bat eduki dezake.