GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Abadiñok 600 kilokoan ere ez dio inori barkatu Aian

Arrigorriagako Sokarrik ere lan bikaina egin zuen, eta berdeen atzetik onenak direla erakutsi zuten, finalean txapeldunekin bakarrik galdu baitzuten

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Abadiñok ez zuen hutsik egin, eta berriro ere txapela jantzi zuen, denboraldiko hirugarrena, eta garbi dago zaila izango dela falta den lehiaketan ere, inork txapelik kentzea.

Herenegun arratsaldean jende dezente batu zen Aiako pilotalekuan 600 kiloko finala ikusteko. Bertan, ligaskan aritu ziren sei onenak izan ziren txapela eskuratzeko asmoan.

Abadiño B izan zen lehen faseko onena, eta bizkaitarrek oraingoan ere tiralaririk onenak talde honetan jarri zituzten, eta hauek izan ziren txapeldun. Saioko tiraldi guztiak irabazi egin zituzten, nahiz eta uste baino lan gehiago izan zuten. Hala ere, inork ez zien tiraldi bakar bat ere ez kendu, eta txapela jantzi zuten.

Bigarren postuan ere, beste bi pisuetan bezalaxe, Sokarri izan zen. Bizkaitar hauek ere lan bikaina egin zuten Abadiñorekin bi tiraldiak galdu egin zituzten, baina gainerako tiraldi guztiak irabazi egin zituzten, eta bigarren postuan amaitu zuten.

Ezuste nagusia, hirugarren posturako izan zen, izan ere Berriozarrek lortu baitzuen postu hori. Lehen fasean saio onak eta ez horren onak tartekatu zituen, baino gutxik uste zuen hirugarren postua haientzat izango zenik. Saio bikaina egin zuten, ordea. Abadiñorekin eta Sokarrirekin galdu egin zuten, baina beste tiraldiak irabazi egin zituen, eta brontzezko domina kolkoratu zuten.

Beste bi pisuetan, Ñapurrak izan zen hirugarren, eta herenegun ere postu horretarako faboritoen artean zeuden, baina Ezpeletakoak, Abadiño A taldeari, eta Amaiur taldeari bakarrik irabazi zien, eta ezin izan ziren laugarren postutik pasa.

Abadiño A taldearekin ere bazegoen itxaropenik, baina tiralaririk onenak B taldean sartu zituzten, eta A taldeak, berriz, ez zuen egunik onena izan, eta bosgarren postuartekin konformatu behar izan zuten, Amaiur taldea bakarrik hartu ahal izan baitzuten mendean.

Amaiur izan zen azkena. Nafarrek finalean sartzearekin helburua beteta zuten, eta joaterako, jakin bazekiten azken postutik irtetzeko borroka handia egin beharko zutela. Saiatu, saiatu ziren, baina saioko tiraldi guztiak galdu egin zituzten, eta azkeneko postuan amaitu zuten, nahiz eta egindako lanak aitzakiarik ez duen.

«Ez gara gustura geratu»

Abadiñok aurreikuspenak bete arren, bizkaitarrak ez ziren gustura geratu egindako lanarekin, uste baino ahulago ibili omen ziren eta. «Irabazi dugu, eta alde horretatik gustura gaude, hori baitzen helburua, baina egindako lanarekin ez gaude gustura. Ez dakit zerk eragin digun, baina horrela baino hobeto ibiltzeko moduko taldea geneukan», esan zuen Edu Mendizabalek, taldeko entrenatzaileak.

Euskal Herriko Txapelketa amaitzeko 560 kilokoak bakarrik falta dira, eta orain arte jokatu diren pisu guztietan, Abadiño izan da nagusi. Berdeek jokatutako guztiak irabazi baitituzte. Aurten, 680ko, 640ko eta 600 kiloko txapelak jantzi ditu. Laukoan, ere jokatutako bi pisuetan Euskal Herriko txapela irabazi zuen.

Aurkaririk gabe

Abadiñoko taldeak argi eta garbi utzi du aurtengo denboraldian aurkaririk ez duela. Lehendik, 680ko eta 640koak ere irabazita baitzituen, eta baita Laukoan izan ziren bi txapelak ere. 560koan ere faborito garbiak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo