GARA > Idatzia > Euskal Herria

Omenaldi hunkigarria egin diete Zornotzako Karmeliten komentuko andre presoei

Ahaztuak 1936-1977 elkarteak, Bilgune Feministak, Zornotzako Emakumeen Plataformak eta beste hainbat herritarrek 40ko hamarkadan Bizkaiko herri horretan gatibu egon ziren emakumeak eta umeak omendu zituzten. Hildako bakoitzarentzat, 43 guztira, krabelin bana izan zen.

GARA |

Txalapartariek lagunduta hasi zen, atzo eguerdiko ordu batean, Francoren garaian Zornotzako karmeliten komentuan gatibu izan ziren andre eta umeei eskainitako ekitaldia. Berrehun pertsona inguru bildu ziren; horien artean amekin batera preso egondako hiru lagun eta kartzelan izan zen andre bat. Rosario Sanchez Morak, Dinamitera erraten dioten eta gerran milizianoa izan zen 90 urteko andreak, ezin izan zuen ekitaldira joan, baina gutun bat idatzi zuen irakur zezaten.

Dantzarien aurreskuaren ondotik, Bilgune Feministako bozeramaileak hartu zuen hitza, emakumeek eskubideen alde egindako borrokaren inguruan aritzeko eta ahalegin horrek bizirik dirauela ohartarazteko. Herriko emakumeen abesbatzak «Hegoak ebaki banizkio» kanta ezaguna interpretatu zuen, txoriaren hegalak eta askatasun nahia konparatuta. Biolin doinurik ere ez zen falta izan ekitaldi hunkigarri horretan.

43 krabelin

«Internazionala» jo bitartean, lore eskaintza egin zieten komentuan preso zeudelarik hil ziren 42 emakumeei eta 10 hilabeteko umeari. Izenez izen joan ziren zerrenda irakurtzen, eta bakoitzarentzat krabelin bat utzi zuten plakaren ondoan.

Plaka bat ezarri zuten 40ko hamarkadan presondegia izan zen eta gaur egun Karmelo ikastetxea den eraikinean. «1936ko uztailaren 18an faxistak altxatu zirenean, askatasuna, justizia soziala, Bigarren Errepublikaren legezko gobernua eta Euskal Herriko eskubideen defentsan leku honetan kartzelatu zituzten emakumeei, haiekin egondako haurrei, bertan hil zirenei eta lekukotasuna emateko bizi izan direnei. Zuen ametsen memoriarekin gure etorkizuna zirriborratzen dugu». Omenduek zapia kendu eta letra horiek agerian utzi zituzten.

«Oroitzapen guneak» proiektuaren barruan, Ahaztuak 1936-1977 elkartea frankismoaren biktimekin lotutako tokietan ekitaldiak egiten ari da. Atzokoa izan zuten lehenbizikoa, eta hurrengoak Durangon, Saturra-rango hondartzan, Deustuko Unibertsitatean eta Urduñan egiteko asmoa dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo