GARA > Idatzia > Euskal Herria

Durangoko bonbardaketa oroitzeko dokumentala osatu dute bizirik iraun zutenen testigantzekin

GARA |

1937ko martxoaren 31ko goiz eguzkitsuan faxisten bonbek 336 durangar baino gehiago hil zituzten, 71 etxe suntsitu eta beste 234 kaltetu, baita hiru eliza, hiru komentu, 10 eraikin eta monumentu bat ere. Hala azaltzen du Jon Irazabal historialariak tragedia gogora ekartzen duen dokumentalean.

«Durango, martxoaren 31n isildutako bonbardaketa» lanak bizirik iraun zuten zortzi lagunen solasak eta sentimenduak ere bildu ditu. «Hondamendia gertatu zenean 9, 10, 16 urte zituzten. Jolasean ari ziren, edo elizan zeuden meza aditzen, edo erosketak egiten bestela, familiakoak eta lagunak hil zizkietenean eta azaldu ezin diren une latzak bizi behar izan zituztenean», oroitarazi du EiTBrekin eta Durangoko Udaletxearekin batera bideoa ekoitzi duen Digytal enpresako eledun batek.

Testigu gazteen samina

Haurrek jaso zuten kolpe ikaragarria irudikatu dute dokumentalean, baita gero etorri ziren gezurrak nola izan zituzten ere, 30 urtez gertatutakoa ukatu eta herria erre zutenak gorriak izan zirela sinestarazi nahi izan baitzieten herritarrei.

Durangoko bonbardaketa ez da Gernika suntsitu zuena bezain ezaguna, baina zibilen aurka antolatutako eta modu sistematikoan gauzatutako lehen aire-erasoa izan zen Europan.

«Italiako Aviazione Legionariako hegazkinak, Errepublikako Gobernuaren aurka altxatu zen Armada espainolaren aliatuak, odola eta mina zabaltzen hasi zirenean eguzkia zen nagusi Durangoko zeruan. Hori dela-eta, argi eta garbi ikusten ziren hegazkinak», Digytal enpresako bozeramaileak azaldu duenez. Bideoan aztertzen den lehenengo eraso horretan, arratsaldekoetan eta apirilaren 2an eta 4an egin zituztenetan 281 bonba jaurti zituzten herritarren gainera, 14.840 kilo lehergai, Jon Irazabal historialariaren «Durango, 1937ko martxoaren 31» liburuan ageri denez.

Biktimen zortzi testigantza eta makina bat une odoltsu eta zail biltzen ditu bideo zintak ordu batean. Heldu den martxoaren 23an erakutsiko dute lana lehendabiziko aldiz, Durangoko San Agustin Kultur Gunean, hain zuzen ere. Emanaldi bat euskaraz eginen dute eta beste bat gaztelaniaz.

Dokumentala ez da faxistek orain dela 70 urte zibilen aurka egindako eraso hori gogora ekartzeko bide bakarra izanen, ordea. Durangoko Udalak bonbardaketaren ondorioz zendu ziren herritarren omenezko plaka ezarri du. Estalita egonen da heldu den martxoaren 31 arte, egun horretan kenduko diotelako oihala ekitaldi batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo