GARA > Idatzia > Lagun Aro

ACB Liga

Bizirik jarraitzeko garaipena lortu du Bilbao Basketek

Emozioz beteriko partida oso berdindua izan zen eta, Fred Weis eta Azofraren lanari esker irabazi ahal izan zuten eta, bide batez, Bruesari mesede egin

BILBAO BASKET 71
GRUPO CAPITOL 64

Arnaitz GORRITI | BILBO

ACB Ligan biziraupena bermatzea zen atzo eguerdian Bilbao Basket eta Grupo Capitol Valladolidek La Casillan zuten apustua. Hala, emozioz betea izan zen talde biek jokatu zuten partida eta bizirik jarraitzeko pausoa emanez, 71-64 nagusitu ziren etxekoak.

Ranciken falta zuten Vidorretarenek, aste osoan nozitu orkatilako zaintiratu baten erruagatik. Alabaina, Azofra eta Weisen lanari esker, bikain eman zion hasiera partidari bilbotarrak. Bestetik, Corralesen gidaritzapean, Gaztelakoak markagailuan hurbil mantentzen ziren. Aurreneko laurdena 20-17 amaitu zen.

Bigarren zatian hasi ziren arazoak. Weisek bigarren falta egin zuen eta Salgadok ez zuen egunik onena. Halere, Savovicen hiruko jaurtiketa bati esker, atsedenaldira 38-35 iritsi ziren.

Hirugarren laurdenetik defentsa asko zorroztu -gogortu, egia esan- zuten bi taldeek. Beti ere bilbotarrak aurretik bazebilen, oso hurbiletik jarraitzen zuten Imbrodarenek.

Urduritasuna

Antolatzaile madrildarrak min hartu zuen, ordea, barneraldi batean estropozu egin ostean. Dena den, Reckerren ekarpenari esker, markagailuan aurretik mantendu zen Bilbao Basket, nahiz eta laurdeneko emaitza 56-55 baino ez izan.

Garaipenak garrantzi eskerga zeukan bientzat, ondorioz, azken laurdenak bien urduritasun eta gabeziak erakutsi zituen.

Bilbotarren zorionerako, Azofra jokora itzuli eta, horrezaz gain, jaurtiketa libreak berehala bota ahal izan zituen. Hori gutxi balitz, Bud Elley, Yebra eta Gomisek laugarren falta egin zuten beste aldean.

Markagailua oso gutxitan mugitzen zen, urduritasunaren eta hutsegiteen erruagatik eta, hala, Evtimovek 56-57ko emaitza jarri zuenean, bizkaitarren aldeko zaleak asko larritu ziren. Han azaldu ziren orduan Weis, Recker eta Savovic, hiruren artean 10-4ko partziala lortzeko.

Savovicen beste hiruko batek 69-63koa ezarri zuen markagailuan eta partida eskuetan ikusten zuten. Garaipena defentsak bermatu behar zuen eta hala lortu zuten etxekoek. Garaipenari esker ACBn mantentzea askoz hurbilago dago. Bide batez, mesede galanta egin zion talde bilbotarrak Bruesa GBCri.

Laugarren laurdeneko erreakzioa

Laugarren laurdenean Evtimovek 56-57koa sartzean jarraitzaile asko beldurtu ziren, garaipenak ihes egin zezakeelakoan. Ordea, Recker, Weis eta Savovicen eskutik 13-3ko partziala ezarri zuten eta partida erabakita utzi.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo