Floren Aoiz Idazlea
Foruak ahoan, dirua poltsikoan, boterea eskuetan: betikoa!
Nafarroan dena forala da. Foruak edonon agertzen dira, edonork aipatzen ditu edozer justifikatzeko. Gaur eskuindarrek egin behar duten manifestazioaren leloan ere azaltzen dira. Nabarristatzat ezagutzen ditugunak foruez mintzatzen dira etengabe, eta euskal lurraldeen batasunaren aurkako ikurra bilakatu dituzte. Foralitatea Nafarroaren nortasunaren mamia omen da, euskal anexionismoaren aitzineko oztopo emankorrena.
Aski aspergarria izanen litzateke foruen iturburuaz eta ibilbideaz aritzea, baina bitxia da foruak zatiketa sustengatzeko erabiltzea, zeren foralitatea, dena dela izanik, arabar, gipuzkoar, bizkaitar eta nafarrok (baita beste euskaldunak ere) biltzen gaituen zerbait baita. XVIII. mendetik gaur egunera foruak aipatu lau herrialdeekin lotu dira espainiar estatuan, eta nortasun sentimen komunaren zutabe nagusietarik bat izan dira. Gerla karlisten garaietan espainiar nazionalismoak foruen aurka jotzen zuelarik, argi zuen bere etsaia lau herrialdeek osatutako multzoa zela. Esanguratsuki iaz Ermuko Foroak agiria argitaratu zuen, zeinean foruak salatzen baitziren, eta noizean behin aditzen ditugu politikari batzuen kritikak, foralitatea insolidariotzat jotzen edo. Kasu guzi hauetan foralitatea Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroarekin lotzen dute.
Foruak gure herriaren gogo kolektiboan oso inportanteak izan dira eta dira. Beharbada Nafarroan, egun, beste lurraldeetan baino garrantzitsuagoak, hemen foralitatea eta instituzio autonomi- koak (Foru Hobekuntza autonomia estatutoa da, eta foru diputazioa gobernu autonomikoa) nahasten baitira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste erreferentzia bat dago gainetik, Gasteizko Gobernua, eta honek pertzepzioa aldatzen du dezente.
Eskuindarrek badakite foruen ikurra erabiltzeak eragina duela jende askorengan. Ikasi dute iruzur-urte luzeetan. Duela 76 urte lortu zuten milaka nafar, militar eta falangistekin batera, errepublikaren aurka altxatzea foruen ikurraz. Hala mozorrotu zuten diktadura, eta Franco hil ondotik foruak erabili zituzten Nafarroa beste lurraldeetatik bereizteko. Eguneroko jarduera politikoek argitzen digute, berriz, foruak jendea engainatzeko amuak besterik ez direla. Boterea eskuetan gordetzeko eta poltsikoak betetzen saiatzeko tresnak.