GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea sagarroiak@gmail.com

Umetatik munduari zentzurik topatu barik

Aspalditik dabiltza horrelako jendartea prestatzen, lantzen eta neurrira josten. Jende tentela gura zuten eta lortu egin dute, dena irensten duen jendea, edozer onartzen duena, telebistarekin, arropekin bakarrik arduratzen dena

Oso indartsuak izan nahi baduzue, jan larrosa orriak». Horrelaxe esaten zien txikitan lagun bati eta beste umeei auzokide batek. «Bai? Ez dugu sinisten». «Bai, benetan, beitu ze indartsua naizen ni» -botatzen zien baserritarrak.

Gaur egun edozein umeri horrelako bromarik eginez gero, ez da zaila imajinatzea zein izango litzatekeen emaitza. Ama edo aita guregana etorriko lirateke, ketan, ea zergatik eta zertarako esaten diogun bere (posesiboa letra larriz) umeari horrelakorik egiteko, hurrengoan salaketa eta dena ipiniko digula. Nire lagunaren amak, ordea, «baina, baina, tontak zarete gero!» esan ostean, komunera bidali zuen ahoa garbitzera, «espabilatuko zara!» batekin.

Orain arazo sozial berri batekin egin dutela topo esaten dute: ume asko eta asko jasanezinak direla, irakasleei eta gurasoei edozer esaten dietela eta nagusiei eraso eta dena egiten dietela. Alde batetik, normala.

Ume askok badakite, ondo jakin ere, edozein gauza egin dezaketela, inork ez diela errietarik egingo, eta kaleko norbaitek edo irakasleak berak egitera ausartuz gero, bere guraso maiteak beti egongo direla bronka montatzeko prest, ea zergatik egiten edo esaten dioten hori bere umeari.

Guraso horiek euren zilborrak baino ez dituzte ikusten eta argi erakusten dute euren kumeen aurrean edozein egoeratan norbera dela inporta duen bakarra.

Normala da. Aspalditik dabiltza horrelako jendartea prestatzen, lantzen eta neurrira josten. Jende tentel eta baboa gura zuten (eta dute) eta lortu egin dute, dena irensten duen jendea, edozer onartzen duen jendea, telebistarekin, arroparekin eta txorakeriekin bakarrik arduratzen den jendea.

Balio pertsonal eta komunak aspaldi lortu zuten kontsumismoaz trukatuak izan ziteze- la. Orain eduki badaukate: ge-ro eta guraso badaezpadako gehiago, ergo, gero eta ume astapotro gehiago. Zer pentsatzen zuten? Adurra dariela geldituko zirela mugikorraren, mp3aren, pleiesteisionaren eta gainerako tresneriaren aurrean? Bada, argi dago ezetz. Badirudi Frankensteini kreatura «agresibo» irten zaiola eta orain ileetatik tiraka dabil- tza batzuk, ai oi, ene, kexaka zelako arazo soziala daukagun ume eta gazteekin. Jokabide kontsumista, insolidario eta berekoi horiek sustatzen dituztenak dira gure arazo sozialik handiena.

Motibazio bako jendea gabiltza sortzen, gazte-gaztetatik munduari zentzurik topatzen ez diotenak, zer borrokatu, zer lortu, zer hobetu badagoela burutik ere pasatzen ez zaiena.

Eta beharbada ondo egiten dute, zeren eta denok dakigunez, gazte guztiak zorionez ez dira horrelakoak, baina, hala ere, horrelako gauzetan pentsatzen hasten direnean, ummm, gauza txarra! kartzeleroei belarriak tente-tente jartzen zaizkie momentuaren zain...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo