Hendaia
Liburua arte objetu gisa deskubritzea proposatzen du Hendaiako Mediatekak
«Liburu-objetuak, artisten liburuak» erakusketa estreinatu zuen Hendaiako mediatekak atzo. Apirilaren 14ra bitarte hainbat ekitaldi eskainiko dira, liburua bere lehen erabilpenetik egiazko arte obra bihur dadin. Frédérique Lelous Delpechek eta Kveta Pacovska artisten lanen bitartez literatura eta arte plastikoak elkartuko dira Hendaian. Zenbait ekitaldiren bitartez erakusketa biziaraziko du Hendaiako Mediatekak. Begiekin zein irudimenarekin «Pakovska deskubritzera» gonbidatua izanen da bisitaria martxoaren 21ean. 24ean larunbatarekin 6 eta 10 urte tarteko gaztetxoei «Zure erliebezko liburua egin ezazu» esango diete Hendaiako animatzaileek. Hilaren azken egunean poesia eta origamiaren arteko topaketa izanen da 8 eta 12 urte artekoentzat «Amets tolestailea» izenarekin. Apirilaren lehen astean hiru ekitaldi ezberdin izanen dira. 4koak Kveta Pacovskari buruz Angeluko Mediatekan den erakusketa ezagutzera gonbidatuko ditu gazte eta helduak. Kveta Pacovska txekiarra bere lan plastikoengatik mundu osoan zehar ezaguna bada ere, paregabeko xamurtasuna du gazteentzako liburuentzat. Larunbatean goiz eta arratsaldez izanen da zer egin. 10.30ean Frédérique Lelous Delpechek berak «Liburu-objetu animatuen fabrikazio tailerra» emango du. Arratsaldean artistaren obrak eta Lelous Delpeche bera ezagutzeko parada izanen da baso baten inguruan.