GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iruñeako Udalak kolokan du Korrika 15en Nafarroako ibilbide osoa

Bost egun barru hasiko den Korrika 15, 1985ekoak eta 2003koak bezalaxe, Iruñean amaituko da, eta duela lau urte bezala, Iruñeako Udala ahalegin guztiak egiten ari da euskararen aldeko jai erraldoia izango dena zapuztu eta «euskara usaina duen oro hirigunetik kendu eta ahal bada desagertarazteko". Dena den, AEK-k eta Korrikak ez dute amore emateko asmorik eta Korrika amaierarik «alaitsu, jendetsu eta partehartzaileena" izango dela ziurtatu dute.

Iker IRIARTE |

Korrika 15 lehen pausoak ematear da, eta 10 egun baino ez dira falta euskararen aldeko lasterketak Nafarroa zapal dezan. Hala ere, herrialde horretako ibilbide eta jarduera gehienak oraindik ere kolokan daude, eta horren erantzule -ohiko ere bihurtzen hasi den moduan-, Iruñeako Udala da. Beste behin ere, argi eta garbi uzten ari da euskararen aldeko ekimen orori trabak eta oztopoak jartzeko prest dagoela, eta halaxe salatu zuten atzo Korrikaren Nafarroako arduradun Asier Biurrunek eta lasterketaren amaierako ekitaldia antolatzeaz arduratzen ari den Xabi Garciak.

Kexatu zirenez, hiriburuko Udalak «hitz atseginak» esaten dizkie, baina ez die idatzizko baimen bakar bat ere eman orain artean.

Biurrun eta Garciak azaldu zutenez, iragan urteko urriaren 5ean sartu zuten udaletxeko errregistroan lehen instantzia bilera eskaera bat eginez. Azaroaren 2an izan zuten, apirilaren 1eko jaia antolatzeko asmoz, Hiri Segurtasuneko arduradunekin lehenengo bilera AEK-ko kideek, eta ordutik gehiago izan dituzten arren, oraindik ere ez dutela baimenik jaso nabarmendu zuten behin eta berriz. Honela laburtu zuen Korrikaren Nafarroako arduradunak udal ordezkariekin egindako ibilbide osoa: «beraiek ahoz erraten digute dena, guk ahoz jasotzen genuen guztiarekin berriro pentsatu eta antolatzen genuen ospakizuna, eta hori erregistro bidez sartzen genuen berriro Udalean». «Gaur da eguna -jarraitu zuen-, oraindik ez dakiguna guk nahi dugun kokagune horietan jaia burutzeko aukera izango dugun edo ez».

Takonera, Antoniutti eta Tutera

Arazoak, Korrikaren antolatzaile bien arabera, hasiera-hasieratik jarri zizkien Iruñeako Udalak. Argitu zutenez, hasiera batean AEK-ren asmoa Alde Zaharreko enparantza batzuk erabiltzea zen bertan gune ezberdinak kokatzeko, baina Udal ordezkariek ukatu egin zieten hori hiriko erdigunea «kolapsatu» egingo zutela argudiatuta. Horren ordez, baina, Takonera eta Antoniutti parkeak erabil zitzaketela esan zieten. Hori guztia, ordea, idatziz. AEK-k instantzia bidez egin zuen eskaera hori eta baita ondorengo guztiak ere.

Baina komunikabide bati eginiko «filtrazio» bat dela medio, Asier Biurrunek adierazi zuenez, Antoniutti ezin zutela erabili jakin zuten aurrerago. Udaletxera deitu, eta hala zela baieztatu zieten. Hori dela-eta, ordutik idatzizko baimenak nahi dituztela eskatu eta eskatu dabil Iruñeko AEK, baina oraindik ez du ezer lortu.

Udalak jarririko «aitzakiak» direla medio, Tuteran ere ibilbidea aldatu beharra izan dutela aipatu zuen Biurrunek, baina azkenean, «Heldu elkalanari» dioen aurtengo Korrikaren leloari jarraiki, adostasun bat lortu dutela. Iruñean, ordea, Korrika 13rekin -2003an- gertatu bezala, badirudi ez dagoela horretarako aukerarik, eta orduan gertatutakotik «ez dute ezer ikasi», nabarmendu zuen Garciak.

«Iruñeako Udala eta UPN-CDNren nahia apirilaren 1ean Iruñea euskararen aldeko olatutzar ez bihurtzea bada ere, geure erantzuna horixe izango da; konpromisoari Helduko diogu eta Korrika, 1985ean eta 2003an egin genuen moduan, Iruñean amaituko da ohore guztiekin» ziurtatu zuten.

EAko idazkari nagusi Unai Ziarreta eta Komunikazio idazkari Onintza Lasa Korrikako ordezkariekin bildu ziren atzo Gasteizen «kalean euskarak duen presentzia eta hizkuntz normalkuntza bultzatzeko helburua» duen ekimenari sostengua erakusteko. Horrez gain, laguntza ekonomikoa emango diotela ere jakinarazi zuten.

Bi hiri nagusiak

Nafarroako bi hiri nagusienetako Udalak -kasualitatez biak ala biak UPNek zuzenduak- dira, orain artean, Korrikari oztopoak jartzen ari zaizkion bakarrak. Tuterako kasua «harritzekoa» da AEK-rentzat, lehen aldia baita 15 urtetan.

Nafarroa osoa

Hala ere, arazoa ez da bi hiri horietara soilik mugatzen, Korrikako arduradunek atzo esan zutenez, «arazo horiek konpontzen ez diren bitartean ez digutela ibilbidearen gaineko baimenik emanen» adierazi baitzien nafar Gobernuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo