GARA > Idatzia > Euskal Herria

Amaitzear da Iparra-Hegoaren XII. edizioa, urtez urte areago doan partaidetza errotuarekin

Urtero legez, beti martxoan, ehunka izaten dira Iparra-Hegoa kultur jardunaren baitan antolatzen diren hamarka ekimenetan parte hartzera joaten diren herritarrak. Bihar amaituko da ekimena, festa giroan.

GARA |

Aste osoan garatu den makina bat egitasmoren ondotik, azken txanpan dago aurtengoa hamabigarren edizioa izan duen Iparra-Hegoa kultura jarduna. Urtero legez, Goierriko Segura herria izan da topagune nagusia, baina protagonista, aldiz, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako herritarren arteko harremanak. Hala, tokian tokiko musikak, dantzak, jakiak, jantziak, usadioak eta ikuskizunak baliatu dituzte joan den astelehenan hasi eta bihar, igandea, amaituko den egitasmoan.

Euskal Herri osoko kultura, hizkuntza, arazoak, ondasunak eta ohiturak ezagutzeko eta trukatzeko gune interesgarria delakoan dira Iparra-Hegoa egitasmoaren antolatzaileak, eta urtez urte herritarren parte-hartzea handiagotzen doala nabarmendu dute. Aurtengo edizioa, hamabigarrena, hazkunde horren erakusle izan da. Hala, Lapurdi, Nafarroa Beheretik eta Zuberoatik ere jende andana joango da egunotan Segurara, eta horietako gehientsuenak, gainera, gazteak dira. Antolatzaileen aburuz, seinale ona da honakoa, lagun arteko egitasmo gisa sortu zen Iparra-Hegoa kultur jardunaren etorkizunaren erakusgarri gisa aipatuz.

Gaurkoan goiztiar ibiliko dira Seguran, mendi irteeran parte hartzearren. Ostean, haurrentzako jokoak eta tailerrak amaitu eta bazkalostean, Euskal Herriko Mus Txapelketaren finala izango da, bai eta Lapurdi eta Gipuzkoa lehian iango dituzten pilota eta futbol partidek ere. Ardo dastaketa, harri-zulatzaileak, txarangak eta iluntzean dantzaldiak izanen dira. Biharkoa, aldiz, asteko egun nagusia da.

Herrialde guztietako jakiak eta produktuak izango dira biharko merkatuan, bai eta Euskal Herri osoko herritarrak ere. Laurehun lagun inguru elkartuko diren bazkaria, joaldunak, trikitilariak eta sukaldaritza lehiaketa ere izango dira, eta egun borobila amaitzeko Mutxiko dantzak ere bai.

Gainera, orain hamar urte landatu zuten gereziondoaren jiran -euskal herrialdeen arteko lotura isladatu nahi duena-, Ahotsak-eko partaide Baionako Amaia Fontangek hartuko du hitza urteroko ekitaldian.

Argentinako euskal diaspora, Segurako herri-bazkarian

Edizioz edizio euskal herrialde guztiak zeharkatu badituzte urteko egitasmo bakoitza ezaugarritzeko orduan, aurtengoan, hamabigarren edizioan, Argentinako euskal diaspora izan da zio nagusia. Hala, euskaldun gehien dituen Amerikako herria izan da, Argentina, protagonista nagusia egunotan Seguran ikusgai egon den erakusketan, eta biharko herri-bazkarian, gainera, bertan izango dira, nahiz eta bideo konferentzia baten bidez izan.

Alta, Udalbiltzako Argentinako ordezkari Mariana Fernandez Euskal Herrian bada ere egunotan, biharkoan zuzenean jarriko dira harremanetan Seguran dauden euskal herritarrak Argentinakoekin. Herri-bazkarian bideo konferentziaz elkar ezagutuko dute, eta orduerdi inguru arituko dira hitz egiten, nahiz eta milaka izan aldentzen dituzten kilometroak.

Udalbiltza nazio instituzioak, era berean, bihar 14.00etan Gereziondoko ekitaldian parte hartuko duela nabarmendu du. Bertara ordezkaritza zabal bat emateaz aparte, Udalbiltzako Argentinako ordezkari Mariana Fernandezek eta nazio instituzioko presidente Loren Arkotxak ere parte hartuko dute. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo