GARA > Idatzia > Kirolak

Liga Federala

Donibane Lohizunek azkeneko aukera du mailaz igo nahi badu

Jon LEUNDA | BAIONA

Donibane Lohizunek, Pro 2 Mailara igo nahi baldin badu, bihar izango du azkeneko aukera. Nimesen jokatuko duen partida galtzen baldin badu, hirugarren fasera sailkatzeko ia aukerarik gabe geratuko da eta, ondorioz, goiko mailara igotzeko aukerak ere hor amaituko zaizkio.

Bigarren fasea oso laburra da, lau talde bakarrik baitira multzo bakoitzean. Beraz, hutsak egiteko oso tarte txikia izaten da. Gorri-berdeek jadanik bi egin dituzte, eta bihar 15.00etatik aurrera jokatuko duten partida irabaztera behartuta daude.

Jaitsierako fasean ari dira Nafarroa eta Maule, biak mailari eutsi nahian. Hemen ere ligaxka laburra da eta seina taldeko multzoak dira. Lehen faseko puntuak, ordea, kontuan hartzen dira. Horregatik, Nafarroaren egoera Maulerena baino gozoagoa da. Hori-gorriek jokatutako bi partidetatik bat irabazi eta bat galdu dute, baina, lehen faseko puntuak kontuan hartuta, sailkapeneko bigarren postuan daude. Bihar, 15.00etan hasita, Baigorrin, Marmande hartuko dute.

Mauleren egoera okerragoa da. Lehen fasean puntu gutxi batu zituen eta ligaxka honetan jokatutako bi partidak galdu egin dituzte. Zu- berotarrek Mazameten zelaian jokatuko dute bihar 15.00etan hasita.

Ohorezko mailan eta Ohorezko B mailan ez da jardunaldirik, baina B mailan Gernikak partida aurreratu egingo du, eta bihar 12.00etatik aurrera Cornella hartuko du.

Sarrerak salgai

Apirilaren 1ean Anoetan Biarritzek eta Northamptonek jokatu behar duten Heineken Kopako partidarako sarrerak gaur jarriko dira salgai Agilerako eta Anoetako lehiatiletan, 9.00etatik aurrera. 50 eta 55 eurotakoak izango dira sarrerak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo