GARA > Idatzia > Editoriala

Txinako Jabetza Pribatuaren Legearen ondorio ekonomiko eta politikoak

Txinako Herriko Nazio Batzarraren (HNB) aurtengo bilkurak atzo onartu zuen Jabetzaren Legea historikotzat jo dute. Egia da sozialismo kapitalista esaten dioten sistema hartan jabetza pribatua aspaldi zegoela indarrean, baina lege berriak praktikan zegoena legeztatu du. Horrek esan nahi du aurrerantzean jabego mota guztiak, estatuarenak, kolektiboenak edo gizabanakoarenak, legez babestuta, bermatuta daudela, Legeak estatuaren jabetzak nagusi izaten jarraituko duela badio ere. Horri sistema horretan printzipio sozialistek ere lekua badutelako interpretazioa eman dakioke, edo horren itxura eman nahi dutelakoa. Nolanahi ere, nekazariak lurrez desjabetzea galarazteko balio izan dezake. Hain zuzen, hirietatik kanpoko lurrak pribatizatzea debekatzen du, eta hori bada garrantzitsua nekazaritza munduarentzat, hirikoarekin zerikusi urria duen mundu horrentzat.

Garrantzi handia du, zalantzarik gabe, HNBren erabakia, Txinako hainbat erabakik bezala, munduko potentzia handia den aldetik, haren garapenak munduan duen eragina dela-eta. Bestetik, jabetza pribatua ofizialdu izanak garrantzi politikoa ere badu, komunistatzat jotzen den, Alderdi Komunistak gidatzen duen herrialde batek sistema kapitalistaren ikurretako bat bere egin baitu.

Lege berriak agerian utzi du, bestalde, inorentzat sekretua ez zena: hirien eta nekazarita munduaren arteko alde handia. Hala aitortu zuen herrialde hartako lehen ministro Wen Jiabaok berak, Txinaren garapen desorekatu eta eutsiezina aipatuta. Izan ere, gaur egun mundu osoan nabarmena den arazoa aipatu zuen, eta haien kausetako bat; garapen desorekatua, alegia.

Eta garrantzitsua da Jabetzaren Legeak atzerriko konpainiek ordaindu behar dituzten tasak igo izana, aurrerantzean, Txinako enpresek bezala, beren diru sarreren %25 ordaindu beharko dute-eta. Neurri horren eragina ikusteko dago, alde batetik, atzerriko enpresen abantailak ez baitira hain handiak izango, baina, bestetik, horrek Txinaren kanpo inbertsioetan eragina izan lezake, hango merkatuak oso erakargarria izaten jarraituko badu ere.

Txina erraldoiaren garapen ekonomiko erraldoia aztergai izan da herrialde hartan, baita, segurutik, mundu osoan ere. Zenbait akats onartu dituzte, eta beste zenbait saihesteko badute nora begiratua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo