Helegitea ezeztatu ostean, Otegi 21ean epaituko dute Madrilen
Auzitegi Nazional espainoleko Laugarren Zigor Aretoak defentsak aurkeztu eta Fiskaltzaren babesa lortu zuen helegitea deuseztatu zuen atzo. Hortaz, datorren asteazkenean Batasuneko eledun Arnaldo Otegi «terrorismoa goraipatzearen" delitua egotzita epaituko dute auzitegi berezian. Bi urteko espetxe zigorra da Fiskaltzak mahaikideari egingo dion eskaria.
GARA |
Tirabira ugari izan ostean, azkenean asteazkenean izanen da Batasuneko eledun Arnaldo Otegiren aurkako epaiketa. Auzi horren atzerapena eskatzeko defentsak ezarri eta Fiskaltzak babestutako helegitea onartu ez eta atzeratzeari muzin egin baitio Auzitegi Nazional espainoleko Laugarren Zigor Aretoak. Horiek hala, Olaia Kastresana, 2001. urtean Alacanten zendutako ETAko militantearen ehorzketan parte hartzeagatik «te-rrorismoa goraipatzea» deli-tuagatik epaituko dute Batasuneko kidea.
2004. urteko maiatzean, EAEko Justizi Auzitegi Nagusiak (TSJPV) auzi berarengatik epai-tu eta 15 hilabeteko espetxe zigorrarekin zigortu zuen Arnaldo Otegi; baina, 2005. urtean Auzitegi Goren espainolak «alderdikeriarik gabeko epaile bat izateko eskubidea urratu» zuela arguaditu eta epaia bertan behera utzi zuen. Era berean, ezker abertzaleak izandako ilegalizazio estrategia dela-eta, buruzagi abertzaleak Gasteizko Parlamentutik at egonik, epaiketa EAEko Justizia Auzitegi Nagusian egin ordez, Auzitegi Nazionalean egin behar zela erabaki zuen Gorenak.
Elgoibarko politikari abertzalearekin batera, Jon Salaberria eta Araitz Zubimendi ere jazoera beragatik auzipetu zituzten. Lehenengoa, TSPJVko epaiketan absolbitu bazuten ere, epaia ezeztatzearekin batera, Auzitegi Gorenak bere kontrako epaiketa errepikatzeko eskatu zuen; baina «auzi-ihes» gisa aitortu dutenez, bere kontrako epaiketa bertan behera uztea erabaki du Fis- kaltzak. Zubimendi, aldiz, errugabetu egin zuen TSJPVk eta bere horretan gelditu da haren kontrako epaia.
Atzeratzeko aukera
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren inguruko iturriek adierazitakoaren arabera, ordea, epaiketa egin aurretik alde guztiei igorri behar zaien intzidente bat ireki behar da. Jadanik, Auzitegi Gorenaren eta TSJPVren epaiak eskatuak baldin badaude ere, asteazkeneko epaiketa atzeratu daitekeela uste dute aipatutako iturriek.
Batasuneko eledun Arnaldo Otegi baldintzapeko askatasunean dago egun, «herriko tabernen auzia»n prozesatu eta kartzelatik fidantzapean atera ostean. Auzi honetaz gain, Auzitegi Gorenak ezarritako urtebeteko zigorra eta Auzitegi Nazionalak oraindik iraunkortu ez duen 15 hileko zigor epaia jasoak ditu mahaikideak.
Datorren apirilaren 12an aztertuko du Auzitegi Goren espainolak Arnaldo Otegi 15 hilabetez zigortu zuen epaia.