Kosovoren independentzia gomendatu du Ahtisaarik, planaren eranskinean
Joan den astean, Belgrad eta Pristina arteko elkarrizketek porrot egin ostean, atzo Martti Ahtisaariren albokoak proposamena Nazio Batuetako idazkari nagusiari eman zion. Eranskinean, «nazioarteko erakundeen zaintzapean, Kosovoren independentzia" gomendatu du.
GARA |
Proposamenaren erainskin batean, Kosovoren «independentzia, nazioarteko erakundeen zaintzapean» gomendatu du Martti Ahtisaarik. Atzo bere albokoak, Albert Rohanek, bai proposamena baita eranskina ere, Nazio Batuetako idazkari orokorrari, Ban Ki Mooni, eman zion New Yorken. Txostenak etorkizunean Kosovok izan dezakeen estatusari buruzko zenbait definizio jasotzen ditu. Egitasmoan ez bezala, gehigarri honetan «independentzia» hitza espezifikoki aipatzen du Ahtisaarik. Bere bozeramaile Remi Durlotek adierazi zuenez, Bani emaniko dokumentu honetan jada aldez aurretik aurkeztu diren zirriborroetan jasotzen diren printzipioak laburbiltzen ditu. Aldaketak ez direla «oso handiak» esan zuen.
Kosovoko kontseilari Carne Rossek «independentzia» ikustea espero duela helarazi zuen. «Ez dakigu zehatz-mehatz NBEetako Segurtasun Kontseiluak zer esango duen baina gure aburuz, aurkezpen eskutiz honek Kosovo independentea izan behar duela gomendatuko», plazaratu zuen Rossek.
«Serbiaren eta haren aliatuen hasarrea ekiditzearren, hasierako gomendioetan independentzia hitza ez erabailtzea propioki erabaki zuen. Orain, agian, esplizituagoa izatea behar du», esan zuen.
Serbia, bien bitartean, Ahtisaraariren planak Kosovoren independentzia aurreikusten duela ohartarazi zuen berriro ere. Fonet berri-agentziari eginiko adierazpenetan, Kanpoko Harremanetarako Ministerio uzten duen Vuk Draskovic-ek plan honek «Serbiaren lurraldean eta bere borondatearen kontra, Estatu berri baten eraikuntza ekartzen du. Hilabete batzuetan, UNMIK egongo litzateke Kosovon eta, ondoren, Europako Batasuneko zenbait organo baina, beti ere, behin-behinean».
Ildo horretan, Serbiako presidente Boris Tadic-ek argi utzi zuen ez dutela inolaz ere independentzia sustatzen duen zirriborrorik onartuko.
Hurrengo urratsa, proposamena Segurtasun Kontseiluari igortzea da. Errusiak, dagoeneko, Kosovoren independentziarekin ez datorrela bat esan du eta beto eskubidea erabiltzeko aukera zabalik utzi du.
Serbiak argi utzi du ez duela Kosovoko independentzia, modu batera eta bestera, aurreikusten duen zirriborrorik onartuko. Plana Segurtasun Kontseiluaren eskutan dago orain.