Saskibaloia ACB LigaREAL Champions League
Granadan irabazita mailari eusteko bidean segitu nahi du Bruesa GBCk
Curtis Borchardtek jokatuko duenentz zalantza badago ere, «kontuz eta apaltasunez" jokatzeko aholkatzen du Porfi FisacekEl Alaves logró su primer triunfo en Mendizorrotza ante la Real, reafirmando las aspectomando las aspectomando las aspectos
GARA | DONOSTIA
Garaipenak sekula ere ez datoz gaizki; are gutxiago garaipen premia duen Bruesa GBC bezalako talde batentzat. Illunben tamainan jokatzen eta emaitza itxurosoak lortzen ari bada ere, etxetik kanpo azarotik garaipenik lortu gabe dago Porfi Fisacen taldea.
Joan den igandean Etosari irabazi eta gero, bigarren garaipena jarraian lortzea, CB Granadaren aurka arratsaldeko 18.30ean hasiko den partida irabaztea alegia, mailari eusteko urrats handia izanen litzateke talde donostiarrarentzat.
Honek behar luke, gainera, Granadatik garaile ateratzeko memento egokiena. Andaluziarren jokalari behinena, Curtis Borchardt pibot estatubatuarra jokatzeko prest izango denentz zalantza izango da azken unea arte, sorbaldan duen bihurdura bat dela-eta. Horrezaz gain, Gutierrezen baja ziurra dute, Akilesen tendoia hautsita baitu.
Talde donostiarrean, aldiz, Devin Smithek belauneko arazoak ditu. Udan operatu beharra izango ei du, gainera. Bestalde, Kammerichsez gain, Ionut Dragusin ere ez da Granadan izango, bere aita hil berri denez, Bucarestera joan baitzen atzo bertan.
Partida berezia
Gaur arratsaldeko neurketako protagonistetako bat Nacho Ordin, Bruesa GBCko antolatzailea izanen da, bost urtez CB Granadako jokalari izan baita.
«Oso partida berezia izango da niretzat», aitortu zuen antolatzaile espainiarrak astean. Dena dela, partidan izango dituen «sentimendu berezi horiengandik isolaturik mantentzen» ahalegindu zela aipatu zuen eta partida «beste edozein balitz bezala prestatzen saiatuko» zela agindu zuen.
Ordinen iritziz, «Granada une nahiko lasaia bizitzen ari» da, eta, beraz, talde gipuzkoarrarentzat hobeto izango ote den iritzi zion. «Maila mantendu nahian dabilen talderen baten kantxara joango bagina, Menorca edo Valladolidera, esaterako, neurketak are eta tentsio handiagoa izango luke», iritzi zion. Hala ere, Granadakoa «kantxa zaila, zaleek asko presionatzen duten horietakoa» zela aitortu zuen.
Porfirio Fisacek, berriz, apaltasuna izan du hizpide asteon. «Ausartak eta apalak izan behar dugu aldi berean. Apaltasunez jokatu ezik, Granadak erraz irabaziko digu» aipatu zuen osteguneko prentsaurrekoan.
«ACB Ligan urte luzetan irauteko moduko jokalariak dauzkagu, baina apaltasunez ekiten badiegu partidei soilik» esan zuen entrenatzaile donostiarrak. «Etosaren aurka irabazi dugula-eta, ezin genezake gure burua berez dena baino gehiago denik pentsatu».
Bestalde, «ACB Ligan mantentzeko derrigorrez Illunbetik kanpo ere zerbait atera behar dugu», esan zuen Fisacek.
«Illunbera Bartzelona, Joventut, Menorca... bezalako aurkariak datoz eta litekeena da guk noiz edo noiz etxean huts egitea. Gainera, jarraian bi garaipen lortzeak nahi eta nahi ez etorkizuna beste era batera ikustera zaramatza, helburua, ACB Ligan mantentzea, askoz ere gertuago legokeelako».
Lagun Aro eta Tau igandean
ACB Ligako beste bi euskal taldeek bihar eguerdian jokatuko dute. Tau Baskoniak Gasteizen ViveMenorca taldea, mementoz ligako azken postuan doana, hartuko du eta Lagun Aro Bilbao Basketek, aldiz, zortzi neurketa segidan irabazi dituen MMT Estudiantesen aurka Madrilen jokatuko du.
Igandekoa izango da Bozidar Maljkovicek Zurbanon gidatuko duen lehenengo partida. Osteguneko atsedenaren ondotik, litekeena da Scola eta Erdogan jokatzeko moduan izatea eta, Lottomaticaren aurka egindako lan ona ikusita, ez dago zalantzarik Rakocevic ere ligako partidan izango dela. Hala, behingoz, talde arabarrak jokalari guztiak prest izango ditu.
Lan gaitzagoa dagokio, printzipioz, talde bilbotarrari. La Casillatik at Donostian eta Granadan bakarrik irabazi dutenez gero, Txus Vidorretarenek, etxetik kanpo behingoz hirugarren garaipenaren bila joango dira bilbotarrak. Izan ere, ez litzaieke batere gaizki etorriko, atzeko postuetatik apur bat gehiago egingo bailukete ihes irabaziz gero. Neurketa honetarako, Grupo Capitol Valladoliden aurka ez bezala, Martin Rancik jokatzeko moduan izango da, orkatilako zaintiratua atzean utzi eta gero hain zuzen ere.
MMT Estudiantes, dena dela, aurkari gogorra izanen da, Mariano De Pablos entrenatzaile berriaren eskutik bolada onean baitago. Hala, ligan behetik gorantz egiteaz gain, Fiba Cup leihaketako Final Fourrerako txartela ere lortu du.
Iaztik hona Devin Smithek arazoak ditu bere belaun batean. Fisioterapia eta atsedenaren bitartez eusten ari da, baina Bruesa GBCko lehenago edo beranduago operatu beharra izango du. Liga amaitu arte eutsiko ote dion espero da.
Sergio Valdeolmillos entrenatzailea ez zen batere gustura geratu bere gizonek Malagan egindako neurketa eskasarekin. Hala, Bruesa GBCren aurka irabazita kitatu nahi lituzke joan den asteko sentsazio txarrak.
«Aste latza izan da hau», aitortu du egunotan. «Dena dela, egutegi gaiztoa zenari ongi egin diogu aurre eta orain dugu unea atzekoekiko abantaila handitu eta liga amaierara lasai iristeko».
Cesar Sanmartin hegalekoak, berriz, Bruesa GBCri «errespetu osoa» zor zaiola aipatu zuen.
«Etxean maila ona ematen ari gara, baina errespetuz hartu behar dugu aurkaria, memento zailenetan garaipen onak lortu dituelako. Egokiera ona azaltzen dute eta ziur nago gauzak zail jarriko dizkigutela».