GARA > Idatzia > Kultura

"Riag Entinak. Elkartasuna basamortuan", Joxe Iriarte "Bikila"ren liburu berria

I.A. | DONOSTIA

Elkartasun keinua egiten dio Joxe Iriarte «Bikila»ren liburuak Saharako herriari. Idazleak aitortu duenez, 2001ean hara lehenengoz bidaiatu zuenean hasi zitzaion «pixka bat kiribiltzen» orain kaleratu duen liburuaren ideia, orduan sortu baitzen lehenengo maratoia basamortuan.

«Sahararekiko elkartasunaren inguruan dabilen lagun batek deitu zidan ea kirola eta elkartasuna uztartuz maratoi hura egin nahi nuen galdezka. Eta han nengoela, bizipenek, maratoi erdia korritu izanak eta, batez ere, herri haren inguruan sortu zitzaidan atxikimenduak eta maitasunak, buruan jarri zidaten zerbait idatzi behar nuela», dio. Hasieran artikulu bakan batzuk idatzi ostean, «sakonagoa» zen zerbait egiteko erronkari eutsi zion; «hori gero gauzatu ahal izan nuen, handik lau urtera».

Elkartasuna, modu epelean

Liburuak helbururik ote duen galdetuta, zera esan du: «Ez, liburu bat idaztean zure barne gogo bati, idazteko bultzada horri erantzuten diozu. Gero, liburua mamitzen doanean, idazterakoan, sortzen zaizkizu gogoeta eta sentimendu berriak. Idazteak, lana ez ezik, egoera berezi batzuk sortzen dizkizu-eta».

Dena den, lana bukatuta ikustean, «Bikila»k dio baduela xederik. Alegia, lanak bere bi zaletasunak islatu ditu: «kirola (korrika egitea oraingoan) eta zanpatuak dauden herrien askatasunaren aldeko borrokarekiko atxikimendua uztartu ditu, kasu honetan Sahararekin. Nabarmen gelditu da hori».

Bestalde, elkartasunari dagokionean, aipatu du, kasu honetan, «askoz ere modu pertsonalagoan» gorpuztu dela: «Hara joatean mamizko jendea ezagutu, jaima baten barruan familia bat ezagutu, haiek ere zu familia kontsideratzen zaituzte eta gerora ere, irauten duen lokarria sortzen da... Elkartasuna modu epelagoan ulertzeko modu bat ere badago». Gainera, herrialde pobretuekiko elkartasuna «guk mundu horrekin daukagun zorra kitatzeko modu bat» izan beharko litzatekeela dio.

Oiartzunen aurkeztu «Riag Entinak» (haize bortitza Saharako hikuntzan) «oso irakurterraza» dela dio.

Bizipen eta abenturak oinarri hartuta, Tindufeko kanpamenduetan «Bikila»k egin elkartasun maratoiak (siroko eta guzti) hango errealitatearen zertzeladak ezagutzea ahalbidetzen du.

Fitxa

Izenburua: «Riag Entinak. (Elkartasuna basamortuan)»

Argitalpena: El Watan elkarteak, Gakoa argitaletxeak, Mikelazulo kultur elkarteak eta Oiartzungo Udalak (dirulaguntzaz) babestu dute argitalpen prozesua.

Irabaziak: Tindufeko kanpamenduetara igorriko da dirua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo