Mikel Aramendi Kazetaria
Hamabosna mila dolar beranduago
Gaur gauean beteko dira lau urte Estatu Batuetako armadak, Bretainia Handia eta beste morroi batzuetakoen laguntzarekin, Irak inbaditu zutenetik. AEBren hegemonia taxugabearen (ba ote da bestelako hegemoniarik?) etsai porrokatua naizen aldetik, topa eginez ospatu beharko nuke eguna, kirtenkeria horren ondorio estrategikoei esker mundua zuzenxeago ibiliko dela ziur nagoelako, Polifemoren istorioa errepikatzen arituko bailitzan. Gizale- gez, ordea, ezinezkoa egiten zait inbasio horrek eragindako odolustearen aurrean toparik egitea. Eta bidegabekeria guztiaren erantzuleek, lau urte igaro direnean, moralki (?) baino ez dutela nozitu gaiztakeriaren erantzukizuna ikusteak amorrazioa sutzen dit. Ez nago, beraz, ospakizun tenorean, zinez. Irabaziak balizkoak eta urrunak baina galerak bertatik bertarakoak eta ezbairik gabekoak direlako.
Ez da erraza okupazioaren ondoriozko anabasa horretan jazo diren galerak zenbatzea. Ezta garrantzitsuenak, gizakien bizitzari dagozkionak, ere. Erasotzaileek nahiko zehatz zenbatzen dituzte euren hildako bakanak; besterik gertatzen da, agian, langintza horretan fisikoki nahiz psikikoki zaurituta geratzen diren okupatzaileekin. Okupazioa nozitzen dutenen galerak zenbatzea, berriz, ariketa kasik kabalistikoa da; hildako irakiar zibilen kopurua 10/1eko gorabeherarekin adierazten zaigu: 600.000 baino gehiago izango lirateke batzuen ustez; kopuru horren hamarrena «besterik ez» iturri sasiofizialentzat. Izugarrikeria, edonola ere, ageri-agerikoa da. Ikusi nahi ez duenik ere baden arren.
Azken hauentzat, ordea, ikusgarriagoa (edo ezikusiarena egiten zailagoa) gerta daiteke National Priorities Project lantaldeak, Estatu Batuetako aurrekontuetan gerra honetarako bideratzen diren atal ezberdinen batu/josketa eginez, argitaratzen duen gerra-kostuaren kalkulu gaurkotua. Zutabetxo hau idazterakoan 409.375 mila milioi dolar. Minutuero ia 200.000 dolar xahutzen dira Irakeko gerran... AEBko aurrekontuetatik soilik. Estatubatuar bakoitzak 1.350 dolar galdu ditu, beraz, Iraken lau urte hauetan.
Irakiarrak gutxi gora behera 27 milioi direnez, ondorioztatzen dena ezin argiagoa da: irakiar bakoitzeko 15.000 dolar baino gehiago gastatu ditu Bush administrazioak gizalegerik ez irabazpiderik gabeko gerra honetan, 2003ko martxoaren 20tik. Nola garestitu den jendea hiltzea!