«Ni oso baikorra naiz euskarazko literaturaren geroari buruz"
Ipar Euskal Herriko literaturari bere agerkaria eskaini nahian sortu zen Maiatz aldizkariak 25. urteurrena betetzen du aurten. Mende laurden horretan 43 agerkari eta 50 liburu inguru argitaratu ditu urteekin bere xedea galdu ez duen Maiatz elkarteak. Luzien Etxezaharreta zuzendariak azken hamarkaden gaineko eta egungo literaturari buruzko irakurketa egin du Baionatik.
Idoia ERASO | BAIONA
«Aldizkari bat, geurea. Gauza batzu, denetarik, euskaraz, lantuak. Gure literatura», hitz horiekin eman zitzaion hasiera 25 urtez bere ibilbidea jarraitu duen agerkariari. Maiatzeko egun batez Luzien Etxezaharreta eta Itxaro Bordaren artean izena eman zioten Maiatz aldikariak euskararen eta idazleen mundua agertarazteko xedeari eusten dio irmoki.
Nondik sortu zen Maiatz?
Uste genuen pentsatu behar genuela munduari, ingurumenari, euskararen arazoari iparraldean, literatura sorkuntzari eta euskararen egoera ofizialari buruz, eta uste genuen talde batean behar zela lana egin. Literaturak islatzen du bere ingurua globalki eta pertsonalki eta idazleak beti lekukoak dira gizarte batean. Beraz, uste dut, hainbat idazle, hainbat mundu ere badirela. Ondorioz, zaila da bilduma edo balantze bat egitea, idazle bakoitza mundu bat da eta gure kasuan, iparraldeko euskararen historian, maila eta borroka guztietan, kulturan, gizartean eta politikan, euskarak hori aztarna bezala utzi du.
Mundu horiei hitza emateko sortu zen beraz Maiatz.
Bai, XX. mendearen bigarren erdian mundu osoan, ez bakarrik Euskal Herrian, herri hizkuntzen askapen mugimendu bat bizi izan zen eta Maiatz horren barnean sartu zen, euskal literaturaren bilakaeraren barnean.
Zein zen egoera duela 25 urte?
Harrituko ninduke norbaitek jakitea euskaraz zeinen irakurgai gutxi genituen. Oso gutxi zen euskaraz, «Herria» astekaria eta bazen literatura pixkat hedatzen zuen beste aldizkari bat, baina duela 30 urte bukatu zen. Genituen liburu bakarrak Piarres Arradoyren «Kattalinen gogoetak» eta Jean Etxepare medikuaren liburuak ziren, baina bestela ez zen ezer publikaturik. Nik hogei urte nituelarik Jean Etxepare Landerretxeren «Mentekoste gereziak» liburua bazen. Liburu horiek guztiak ematen zizkiguten unibertsitatean lehen Euskal Ikasketak Paueko fakultatean hasi zirelarik. Bestalde baziren Xalbadorren bertso batzuk ere, Auspoa argitaletxeak bildutakoak.
Beste ezaugarri garrantzitsurik izan zen sorrera garaian?
Beste kontu bat zen bazela euskaltzale eta abertzale belaunaldi berri bat. Lehedabiziko aldiz kopuru aski handian intelektual euskaldun batzuk baziren, ikasketak egin zituztenak. Horietarik adierazgarria da Itxaro Borda, baserri mundutik unibertsitatera joan zena. Bazen talde bat irekidura berri batekin, ideia aurrerakoiekin zebilena eta argi zen, iparraldeko talde bat biltzen bazen euskarari buruz zerbait egiteko, zerbait berria aterako zuela. Hori izan zen Maiatzen istorioa. Ezin da esan idazle guztiak bildu ditugunik, baina idazle gazte andana ibili da Maiatzen inguruan.
Nola sortu zen ideia?
1981eko kontua da eta alderatzen ahal da Hego Euskal Herrian zen bultzada handiarekin. Literatura aldizkarien denbora zen, argitalpen berri asko zen Hego Euskal Herrian eta hemen ezer ez. Guk haiekin harremanak bagenituenez, naturalki, hango mugimendua hona pasaraztea atsegina izanen zela pentsatu genuen.
Zein izan zen talde sortzailea?
Hamar bat pertsona ginen, horien artean, Itxaro Borda, Aurelia Arkotxa, Eñaut Etxamendi, Agustin Zamora, Jean Louis Davant... Duela 30 urte iparraldean berritasunean ari ziren euskaltzaleen izenak direla ikusten da. Gero praktikara pasatzeko ez genuen dirurik, ez genuen laguntzarik, baina lehen argitalpen bat izan zen. Gero jarraipena da zailena, erritmo bat aurkitu genuen urtean bi ale argitaratuz. Pozgarria da hasierako taldetxoa hor dela eta bestalde, izen berri asko etorri direla ikustea. Gero horri liburugintza gehitu zitzaion. Artikuluak idatea idazleen lanak bilduz. Hor da Itxaro Bordaren kasua, bere lehen liburua izan zen guk argitaratu genuen lehen liburua, 1984ean. Geroztik 50 bat liburu argitaratu ahal izan ditugu.
25 urte horien zein balorazio egiten duzu?
Elkarte bezala iraun du eta hori garaipen bat bezela har daiteke. Orain aterako da aldizkariaren 44. alea. Bestalde, aipatu behar da, idazle askok beren lehen liburua gurekin argitaratu dutela, baina gero, bizitzako aldaketengatik, beste argitaletxe batzuetan egiten dituzte.
Gure konstatea izan da diru gutxi izan dugula. Argitalpen eder bat egiteko eta hedapen komertziala egiteko ez gara gai. Oraindik ere militantziarekin jarraitzen dugu, diru gehiegirik galdu ez, baina dirurik irabazi gabe. Aldizkaria, adibidez, guk editatzen dugu eta liburuen 150 eta 500 aleren artean argitaratzen ditugu, hori baita iparraldeko errealitatea.
Bestalde esan daiteke euskararen kalitatea ere indartzen ari dela eta hizkuntza berri baten eraikitzen lagundu dugula. Nahi genuen gure munduaren errealitatea euskaraz ere azaldu eta ez kontserbardoreek ezkutatu nahi dituzten etsipenak edo haserreak. Batzuek euskararen estetika landuko dute, beste batzuek aldiz, Itxaro Bordak kasu, obra bat bidean jarri dute.
Bada poesiaren mundua ere, oso garrantzitsua dena. Euskal literaturan poesia beti izan da indartsua, baina argitaletxe nagusientzat poesia ez da komertziala. Aldiz, hizkuntza baten eraikuntzan sentikortasun baten izateko biziki garrantzitsua da.
Zein da Ipar Euskal Herriaren tokia euskararen garapenean?
Batzuek uste dute euskara batuaren eraikuntzan iparraldeak ez duela tokirik eta batzuetan, hegoaldeko ezjakin batzuek esaten digute soilik han egiten dena behar dugula kopiatu. Aitzitik, Iparraldean badugu toki bat euskara batuaren eraikuntza eder horretan, baina ez ditugu ukatu behar gure ezberdintasunak. Guk ere Batuaren bide hori hartua dugu, hemengo ñabardurei tokia utziz.
Zein da egungo euskal literaturaren egoera?
Sentitzen dut orain sortzen ari dela. Azken urte hauetan dugu euskal literatura sortzen ikusten, literatura askatu bat, etorkizunari irekia. Batez ere, garrantzitsua da idazle batentzat izan dezala liburutegi bat bere irakurgaientzat, bere hiztegiekin, bere klasikoekin... eta orain idazleek badute lanabes bat.
Ni oso baikorra naiz geroari buruz. Kezka bat da, baina, komunikabideek eta irakaskuntzak gutxiegi erabiltzen dutela euskarazko literatura modernoa.
«Itxaro Bordaren lehen liburua guk argitaratu genuen lehen liburua izan zen, 1984ean, geroztik 50 bat liburu argitaratu ahal izan ditugu»
«Ezin da esan idazle guztiak bildu ditugunik, baina idazle gazte andana bat ibili dira Maiatzen inguruan»