GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Mugaz bestalde bizi diren anai-arrebak

Ines INTXAUSTI | Telebista kritikaria

Mugaz bestalde bizi diren anai-arrebek ikusten duten telebista eta gurea ez -omen- da berdina. Haiena hobea dela uste dute batzuek. Haiek Frantziaren eraginpeko gunean daudenak dira, jakina, eta abar. Baditut lagunak Ipar Euskal Herrian jaioak, beste batzuk halabeharrez hasita hegoaldetik joanak eta, azkenik, heldu berriak, zergen lilurari jarraituz mugitu direnak: denak datoz bat bere joera frantsestuan eta Ipar Euskal Herriko telebista Hego Euskal Herrian ikusten dena baino hobea dela -hobea hitzak balio badu objektibotasun parametroetarako-. Bizkaiko kostaldean jaio diren abantailatsuek ere gauza bera baiezta dezakete. Beren antenak gureak baino luzeagoak dira eta, harrapari katodiko bihurturik, ikus ditzakete «Le grand cabaret du monde» edota memento honetan Sarko eta Segolenen arteko liasion dangereuxen gori-goriko berrien lekuko zitalak konplexurik gabe izateko «L'actu de la campagne». Gutxi geratzen zaigu mugaz be(he)stalde honetako garenoi politiko mihiluzeen zurrupaden ikara bizkarrezurrean sentitzeko. Kike Amonarrizek eta Ilazki Serranok saio polita egin lezakete Josu Jon, Ramon, Patxi, Jaime, Begoña, Miren eta hainbat lagun poltroidunekin. Ariketa lasaigarria imajinatzea besterik, ezta? Josu Joni Arzalluzen argazkia eman eta Josebari imintzioz eta keinuz azkoitiarra den pertsonaia ezkutua asma dezan lagundu... Gaur hasiko naiz neu ere beste frogak prestatzen eta emailez bidaliko dizkiet ETB1ko «Mihiluzeko» lagunei (Aupa Mendo!). Egunerokotasuna eta tipoa mantentzen du programak audientziari dagokionez. Lehiaketa etikoa da batzuentzat. Eta beste batzuentzat, berriz, lehiaketa estetikoa. Gehiegi mintzatu gara etikaz eta estetikaz han eta hemen. Baina etika urdaia bezain labainkorra da lurrean aurkitzen baduzu eta berriz estetika abiadura baino arinagoa, Absalon. Eta bukatu baino lehen, etikoa denez, zuzenketa bat: joan den egunean erdara hutsean zegoen zutabean, «ya que no podemos cambiar, cambiemos de tema» esaldi osatua izan arren, «cambiar» hitzen atzean «de país» jarri behar zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo