GARA > Idatzia > Ekonomia

Sare ontzi bat inguratu dute arrantzaleek legez kanpo ziharduelako

N.G. | ZIBURU

Donibane Lohizuneko eta Ziburuko arrantzaleek Capbretonen arrantzan ziharduen itsasontzi handi bat inguratu zuten larunbatean, legez kanpoko sareak erabiltzeagatik, ur horiek amuan ari diren itsasontzien lanerako mugatuak baitaude.

«Ostegunetik ari zen inguru horretan, baimendu gabe dauden sareekin arrantzan, eta atzo -larubata-, hamar itsasontzi txikik inguratu egin zuten polizia etorri arte», esan zion GARAri Itsas Geroa elkarteko kide batek.

«Katamaran handi bat zen, eta sareak baliatuta ari zen arrantzan pare bat egunez. Poliziari deitu genionean, asteburua izanik, arazoak zeudela esan zuten eta horregatik, itsasontzia inguratu eta 5 eta 6 ordu bitartean egon behar izan zuten zain, eguerdiko ordubiak aldera poliziak agertu ziren arte», gaineratu zuen arrantzaleak.

Sareak jaso

Lekukoen arabera, poliziek sareak jasotzeko agindu zieten eta horren ostean, inguruko porturen bateraino eramango zutela espero zuten benazko salaketa egiteko asmoz. Hala ere, Itsas Geroa elkarteko kideek adierazi zutenaren arabera, Gygne izeneko sare ontzi hori «ez dago ez Pasaian, ez Baionan, ezta Ziburun ere».

Amuekin arrantzan dabiltzan arrantzaleek horrelako gertaerak sarritan izaten direla esan zuten. Atzeman duten azken horrek lau tona arrantzatu zituen legearen aurka, «baina duela ez asko legatzetan ziharduen beste bat ibili da inguru honetan eta 19 tona arrantzatzea lortu du», esan zuten arrantzaleek.

Legez kanpo egiten den arrantzaren gaineko kontrola beraiek eraman behar izatearekin kexu ziren kaltetuak. 19 tona eraman zituen horren kasuan, «ezer egin ez bazen, txikiak etxean geundelako izan zen, egun horietan itsasoan ez zebilelako gutariko inork. Poliziak frogak eskatzen dizkizu, eta frogarik ez badago, ezer ez», gaineratu zuen bizi duten egoeraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo