Maljkovicen lehenengo garaipena Gasteizen
VIVEMENORCA 59
GASTEIZ
Pronostikoak goitik behera betez, oso erraz nagusitu zen Tau Baskonia ViveMenorca ahularen aurka. Hala, Boza Maljkovicek lehenengo garaipena lortu zuen etxekoen entrenatzaile gisa.
Azken emaitzak, 96-59, argi uzten du bi taldeen arteko aldea, izan ere, Zurbanoko pabiloian ACB Ligako bi muturrek ikusi zuten elkar: Real Madrilekin bat eginda, lehenengo postuan dagoen talde gasteiztarra, alde batetik eta, bestetik, azken postuan dagoen Balearretako taldea.
Neurketa lehenengo eta azkenengo laurdenetan hautsi zen. Igande eguerdiko partida izanik, gasteiztarrek une konkretu batzuetan baino ez zuten guztia eman.
Hala, lehen zatian latz ekin zioten etxekoek, Ricard Casasek zuzentzen duen taldearekiko abantaila hartuz. Protagonista nagusia Tiago Splitter izan zen, uztaipeko jokoan nahi izan zuen guztia egin baitzuen brasildarrak. Horrez gain, 1.000 puntuko marka erdietsi zuen pibot amerikarrak. VIveMenorcaren aldetik, berriz, Bazdaricek eta Moosek bakarrik egin zuten kalterik arabarren uztaian.
Lasaitasuna
Lehenengo laurdeneko 27-18 emaitzaren ostean, hurrengo bi laurdenetan lasaitasuna nagusitu zen. Casasen mutilek ahaleginak eta bi egin zituzten sorpresa ematearren, baina gasteiztarrek ez zuten gauza handirik behar izan arriskurik gabe markagailuan aurretik jarraitzeko.
Neurketa azken laurdenean amaitu zen. Defentsa asko gogortu zuten Maljkovicen gizonek, kontraerasoen bitartez saskiratzeko, Zurbanon bildutako ikusleen gozagarri.
Azkenik, aipagarria da atzo ere Tau Baskonia ez zela osorik egon, Fred House ez baitzen jokoan aritu, badaezpada ere.