Heldu, gaur eta bihar
Karrantzan honezkero urduri egongo da euskaldun jendea. Ilusioz eta irrikaz emango diote hasiera Iruñera iritsi arte geratuko ez den euskararen aldeko martxari.
Badator Korrika 15. Eta aurrekoetan bezala, berau aurrera ateratzeko lan egiten dugun guztiok eta korrika egiten dugun guztiok nahiagoko genuke Korrika ezinbestekoa ez izatea.
Paradoxa da zirraraz bizi dugun guztion ametsa izatea Korrika desagertzea. Ez suposatzen duen lagun-jende-euskaldun festagatik, ez inguruan sortzen den giro bereziagatik. Lekukoarekin batera, korrikalari bakoitzarekin batera, egiten den kilometro bakoitzarekin batera daraman aldarrikapenak zentzurik ez izatea desiratzen dugulako baizik.
Euskal Herria euskalduna izango balitz eta horretarako bidean ez bagenitu oztoporik aurkituko erkidegoko, Nafarroako eta Frantziako administrazioen eskutik, euskara izango balitz herri honetako oinarrizko ikur errespetatu, sustatu, erabili eta maitatua, Korrika ez litzateke beharrezkoa. Funtsean den aldarrikapena ez litzateke beharrezkoa. Baina egun, tamalez, Korrikak zentzu handia izaten jarraitzen du.
Guztiz zentzuduna eta beharrezkoa den bezala omendua euskal emakumea izatea. AEKk plazaratu zuen manifestuan adierazitako arrazoiengatik: «urtetako menderakuntza, jazartze eta zigorrei aurre egiteko eta euskal kultura eta euskara, belaunaldiz belaunaldi, gorde eta transmititzeko, euskal emakumeek izan duten indarra, adorea eta balioa omendu nahi ditu Korrika 15ek.
Garai ezberdin eta zailetan gure hizkuntza etxean gorde, atxiki eta ahoz aho iraunarazi duten emakume ezagun zein ezezagunen lana aitortzeko eta etorkizunean haien lanari eusteko konpromisoa hartzen dugula adierazteko». Emakume horiek -gure amamak, amak, andereñoak, auzokoak- ez dute izenik ezta aurpegirik, publikoki ezagunak ez diren heinean, baina horiek dira, hain zuzen, euskara helarazi digutenak. Horiek dira euren indarra eta lana jarri dutenak, euren maitasuna eta zaintza. Horiek dira, hein oso handi batean, gu euskaldunak izaten jarraitzearen gakoa.
Horregatik, AEKk bete-betean asmatu duela uste dut. Alde batetik, aurpegi zehatzik erakutsi ez duelako, etxeko eta kaleko emakume arrunt guztiak sartuz bere omenaldian. Beste alde batetik, «iraganeko, egungo eta etorkizuneko euskal emakumeak» hartzen dituelako. Egindako lana goraipatu eta plazaratzeaz gain, herri honetan etorkizunean daukagun ezinbesteko garrantzia eta balioa ere onartzen dituelako. Euskararekin gertatzen den bezala, ez delako nahikoa egun berezi batean edo omenaldi puntual batean soilik emakumeen papera aintzat hartzea.
Esandako guztiagatik, Korrika eta omenaldia amaitzen direnean ere, HELDU diezaiogun borrokatzen jarraitzeko kemenari. Euskararen, berdintasunaren eta askatasunaren alde.
Manifestuari zure atxikimendua emateko, www.korrika.org orrialdea duzu.