«Ez genuen sinesten Korrika hemendik abiatuko zenik"
Monika Ahedok galtzak bete lan izan du azken hilabete hauetan Korrika-ren inguruko hari guztiak lotu eta zirrikitu denak itxi nahian. Korrika-ren Enkarterrietako arduradun izendatu zuten, eta geroztik horretan dabil buru-belarri, nahiz eta azkar asko onartu digun ez dagoela bakarrik lan horretan, Karrantzako hasiera ospakizunak behar bezala prestatzeak lan handia baitakar.
Iker IRIARTE | KARRANTZA
Loteria tokatu izan balitzaio bezala, Monika Ahedok hasieran ez zuen sinesten Korrika-ren hamabosgarren ekitaldia Karrantzatik abiatuko zenik. Halaxe deskribatu ditu, GARAri eskainitako elkarrizketa honetan, berria eman zioten unean sentitu zituen poza eta alaitasuna. Ardurak etorri omen zitzaizkion ondoren, zer edo zer gertatuz gero Euskal Herri osoak ikusiko duela-eta. Baina horiek guztiak gainditu, adorez bete eta lanaren ia guztia egina du honezkero. Azken orduko gauzak baino ez omen dira falta Korrika-k, bi urteren ondoren, merezi duen harrera jaso dezan.
Euskarak Karrantzan bizi duen egoeraz ere mintzatu da Monika Ahedo, eta nahiz eta nahiko genukeen bezain ona ez den, ostegunean biziko denak eragin positiboa izango duela esperantza agertu du.
Mundu guztiak ahotan darabilen galdera: dena prest al dago?
Garrantzitsuena bai: kilometroen salmenta, korrika txikiak, kontaktuak enpresa eta Udal guztiekin... Garrantzitsuena egina dago, falta direnak azken momentuko prestaketak dira: errepidea markatu, markagailua jarri, jaia izango den lekua apur bat apaindu, eta abar. Baina horiek asteazkenean eta ostegunean bertan egingo ditugu. Gainerako guztia lotua dagoela uste dugu.
Antolaketa lanak nola doaz? Lan asko ematen dizuete? Jende asko zabiltzate?
Ni Enkarterrietako arduraduna naiz, eta Karrantzakoaz arduratzeko beste pertsona bat ere badago, lehen eguna izango denez, lan pila dagoelako. Beraz bi arduradun gaude. Gure lana herri ezberdinetan Korrika batzordeak antolatzea eta hortik guri laguntzeko jendea lortzea da.
Egia esan, herri batzuetan laguntza egon, egon da, baina agian guk nahi baino gutxiago. Eta gero, azken momentuan, bi aste arinago-edo, AEK-ko irakasle guztiak dena ematen ari dira Korrika-gatik. Klaseak ematen jarraitzen dute baina bi arduradunoi asko laguntzen digute; gure esanetara daude!
Aurten lehen aldiz zapalduko du Korrika-k Karrantza, eta gainera hasiera ekitaldia hartuko du. Une berezia ezta?
Bai. Nik ez dakit Karrantzako herritar guztientzat hala izango den, baina Enkarterrietako AEK-n gabiltzanontzat eta bertako euskaltzaleontzat oso berezia. Baina beste herri batzuetan ere egoera berdinean daude; Artzentalesen adibidez, hori ere Bizkaia baita, eta orain arte Korrika-k ez du inoiz ere ukitu.
Eta Korrika hemendik abiatuko zela jakitean, nola jaso zenuten zuek berria?
Hasiera batean ez genuen sinesten. Ondoren, benetan ari zirela ulertu genuen, baina hasieran zeinen gauza polita den baino ez duzu pentsatzen. Momentua hurbiltzen hasten denean, ordea, nolako lana eta ardura den ikusten duzu, zer edo zer txarto ateratzen bada, Euskal Herri osoan ikusiko baita! Azkenean, ikaragarrizko ardura da, baina pozik gaude.
Euskara zein egoeratan dago Karrantzan? Kalean eta egunerokotasunean tokirik ba al du?
Kalean duen presentziari dagokionez, zerotik hamarrerako eskala batean 0,5 inguru, oso txikia. Agian Zallan, Gueñesen, edo Gordexolan apurtxo bat gehiago izango du, baina Karrantzan oso txikia da euskarak kalean duen presentzia.
Umeak euskaldunak dira; Karrantzan D eredua baino ez dago. Hala ere, kalean ez da erabiltzen. AEK-ko taldeak ere egon izan dira eta gaur egun ere bat badago. Baina jendearen ohitura oso bestelakoa da.
Beraz, egunerokotasunean hizkuntzak duen presentzia bultzatze aldera ere, garrantzia izango du Korrika hartzeak.
Bai. Ni alde horretatik nahiko baikor nago. Baina bestalde, uste dut euskara ez dakien jendeak euskarari laguntzea ere oso garrantzitsua dela. Euskal hiztuna ez den jende asko ikusten da, baina Korrika-gatik dela esanez gero, jendeak edozertan hartzen du parte; Korrika heldu egiten da jendearengana.
Zein ibilbide egin du AEK-k Karrantzan?
AEK-k Karrantzan zazpi urte daramatza. Orain dela hamabost urte-edo, Karrantzan eta Artzentalesen egon ziren ikasle talde batzuk. Gero, urte batzuetan desagertu egin zen, eta orain berriz itzuli da, 2000. urtean gutxi gorabehera.
Euskaltegirik, tamalez, ez dago; klaseak eman ahal izateko Udalak lokal bat uzten digu, besterik gabe. Ikasle kopurua, ordea, beherantza doa. Orain dela hiru urte bi talde zeuden hemen, duela bi hiru, eta bai iaz eta bai aurten ere, talde bat baino ez dago.
Azkenik, osteguna gainean dugu ia, eta zer eskatuko zenuke egun horretarako? Zein desio duzu?
Ahalik eta jende gehien hurbiltzea Karrantzara, giro polita sortzea eta jendeak ondo hartzea Korrika, jarrera abegitsuz.
«Azken asteetan AEK-ko irakasle guztiak Korrika-ren alde dena ematen ari dira, bi arduradunoi asko laguntzen digute; gure esanetara daude!»
«Euskal hiztuna ez den jende asko ikusten da, baina Korrika-gatik dela esanez gero, jendeak edozertan hartzen du parte; jendearengana heldu egiten da»