Kosovorako Nazio Batuen berriemale postua berritzeko eskatu du Errusiak
Errusiako Segurtasun Kontseiluak Marti Ahtisaari Nazio Batuen Kosovorako berriemalearen ordez beste bat izendatu behar dela esan zuen atzo. Horrekin batera, herrialde horren estatutuaren inguruko negoziazioekin jarraitu behar dela ere esan zuen.
MOSKU
Igor Ivanov Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkariak Marti Ahtisaari Nazio Batuetako idazkari nagusiaren Kosovorako berriemale bereziak herrialde horretan zuen zeregina betetzat ematen badu, berriemale berria izendatu behar dela eta eskualde horretan negoziazioekin jarraitu behar dela esan zuen.
«Athisaarik bete beharrekoa bete dela uste badu, eskerrak eman behar zaizkio», esan zuen Ivanovek. Vienan aurreko asteburuan Serbiako eta Kosovoko buruzagien artean izan ziren negoziazioek porrot egin zutela esan zuen Segurtasun Kontseilu errusiarreko idazkariak, eta elkarrizketekin jarraitzeko beharra aipatu zuen.
«Estatutua ez zen zehazten»
Kosovoko etorkizunari buruzko negoziazio prozesuko txostenean, ez zonalde horren estatutua aurrez zehazten zuen dokumenturik eta ezta definitzeko eperik ere ez dagoela nabarmendu zuen. «Alde baten konponbidea beste aldeari inposatzea bilatzen bada, arazoa ez da konponduko», adierazi zuen Ivanovek.
Errusiako gobernua Ahtisaariren planaren aurka dago. Plan horrek Kosovoren zaindaritzapeko subiranotasuna aurreikusten du, baita zonalderako konstituzio bat eta armada ere. Era berean, hurrengo egunetan Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluaren aurrean aurkeztu behar den plangintzak Kosovok naizoarteko erakundeekin bat egitea aurreikusten du.
Serbiak bere mugen barruan mantendu nahi du Kosovo, autonomia zabala emanda, Kosovoko gehiengo albaniarrak berriz -bi milioi biztanleen %90k- independentzia eskatzen du.
Herrialdea, Nazio Batuen herri babestua da egun, eta 1999. urteko ekainean guda amaitu zenetik, NATO, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko Kosovorako Indarra zabaldu zen.
Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkariak «alde baten konponbidea beste aldeari inposatzea saiatzen bada, arazoa ez da konponduko» esan zuen atzo.