GARA > Idatzia > Pilota

Pilota Berezkoen Binakakoa

Etxeberrik eta Istillartek ezuste latza eman dute

Waltari eta Etxeto partida irabazteko faborito nagusiak ziren, baina aurrelari kubatarrak norgehiagoka oso eskasa egin zuen, huts asko eginez

WALTARI-ETXETO 21
ETXEBERRI-ISTILLARTE 40

Jon LEUNDA | BAIGORRI

Ezusteko latza izan zen atzo Baigorrin, Waltarik eta Etxetok galdu egin baitzuten Etxeberriren eta Istillarteren aurka. Emaitza horren ondoren, irabazleek finalerdietan izateko urrats bat eman dute, eta galtzaileei berriz, gauzak asko okertu zaizkie.

Waltarik ikusmin handia piztu zuen, baina Superprestigioan ikusi zen moduan, maila nagusian jokatu ahal izateko oraindik asko hobetu beharra dauka, eta batez ere, ikasi. Egia da Masterrean maila handia eman zuela, baina egia da, baita ere, pilotari euskaldunek galtzeko asko zutela bere aurkako partidetan, eta irabazteko gutxi. Berak egiten duen jokoak ere ustekabean harrapatzen zituen. Orain ordea, badakite nola jokatzen duen eta berari nola aurre egin behar zaion ere ikasi dute, eta kubatarra galduta dabil.

Atzo oso partida txarra egin zuen, berehala galdu zen. Jokoan sartu nahi izan zuen, berak ohikoa duen moduan,baina Etxeberrik ederki egin zion aurre. Sakearekin ere ez zuen asmatu, eta falta egin zuenean, partidatik atera egin zen eta hamar kintze galdu zituen. Bera izan zen partidako kaskarrena, eta garbi dago onenekin jokatzen jarraitu nahi baldin badu, aldatu beharra daukala, bestela zaila izango du itxurazko zerbait egitea.

Kubatararren partida eskasak, ordea, ez du esan nahi besteak ere horrela ibili zirenik, izan ere Etxeberrik aspaldian egin duen neurketarik biribilena egin baitzuen.

Oso ongi sakatu zuen, guztira hamaika kintze eginez hasierako jokaldiari esker. Gero, sarea ederki bilatu zuen eta pilota jarri behar zuen lekuan ere ederki jarri zuen. Atzean, Istillarte bikain aritu zen, eta ederki lagundu zion Etxeberriri. Beste aldean, Etxetok ez zuen lan txarra egin, baina uste zuena baino lan gehiago izan zuen, Waltarik ez baitzion asko lagundu.

Egoera horrekin, irabazleak berehala aitzineratu ziren. Lehen kintzean berdinduta egon ziren, baina hortik aitzinera berehala hasi ziren zuloa egiten, eta partida ere berahala erabaki zuten. Izan ere, 3-20ko partzial bat lortu zuten, eta 7-10 irabazten egotetik, 10-30 irabaztera pasatu ziren. Hor norgehiagoka erabakita geratu zen.

Hortik aurrera aurkariek markagailua apur bat itxuratu besterik ez zuten egin. Emaitza horri esker, Etxeberrik eta Istillartek urrats handia eman dute finalerdietan izateko, eta Waltari-Etxetok gauzak oso zail dituzte, hurrena Larretxea-Ezkurra II.a baitituzte aurkari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo