GARA > Idatzia > Euskal Herria

Azpeitiko Udalaren euskara normalizatzeko ordenantza baliogabetu dute epaileek

EAEko Auzitegi Nagusiak Azpeitiko Udalaren ordenantza bat baliogabetu du, «euskara inposatzen duela" eta «gaztelera baztertzen" duela uste duelako. Era berean, Udalak gisa horretako arauak egiteko eskumenik ez duela zehaztu dute epaileek.

AZPETIA

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salak Azpeitiko Udalak euskararen erabilpenaren normalkuntzarako eginiko ordenantza bat baliogabetu du, «euskara inposatzen» duela eta «gaztelera erabat baztertzen» duela argudiatuta.

Gisa horretan, epaiak arrazoia ematen dio Estatu Abokatuak, Gobernu Ordezkaritzaren eskariz, jarritako errekurtsoari. Sententziak dio udal ordenantzak euskara izendatzen duela «herriko hizkuntza ofizial» eta «horrek alor guztietan euskararen erabilera esklusiboa inposatzen» duela. Hori horrela, sententziaren arabera, «presio egoera sortzen da» eta «ezin da esan gaztelera erabiltzea libreki aukeratu daitekeenik».

«Leku izenak euskaraz»

Iazko urtarrilaren 30ean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ordenantzak, besteren artean, herriko bizilagunei euskararen erabilpena «ziurtatzen» die, Osasunean, Justizian eta Poliziarekin, eta leku, kale eta plaza izenak euskaraz izatea ezartzen du.

Halaber, Udaletxeko langileei herritarrei zuzentzerakoan euskaraz egiteko agintzen die «herriko hizkuntza propio gisa», eta lanpostu guztietan hizkuntza perfila ezarria izatea arautzen du, administrazio unitate orok euren zerbitzuak euskaraz eskain ditzaten. Eskakizun berak egiten dizkie Udalaren menpe dauden edota hark eratutako elkarte eta instituzioei ere.

Estatu Abokatuak jarritako errekurtsoan salatu zuen aipatu ordenantzak euskara «derrigorrezko hizkuntza bakar gisa» ezartzen duela, modu horretan, «gaztelera baztertzeko helburuarekin».

Auzitegi Nagusiaren sententziak jasotzen du ordenantza «bizilagunen hizkuntza dela oinarri harturik, euskararen erabilera erregulatu eta planifikatzen duen sistema arau-emailea» dela. «Ez da udaleko hainbat konpententzia batzen dituen araua, bakar bat arautzen saiatzen da, hizkuntzarena».

Arlo horretan «eskumena Euskal Autonomia Erkidegoak» duela gogorarazten du sententziak eta arauak Konstituzio espainolean jasotzen diren aginduak eta hainbat lege, tartean, Euskaren Erabileraren Normalkuntzarako Legea urratzen dituela adierazten du. «Eskumen hori Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, Karta Magnak eta Autonomia Estatutuak erabakitzen duten bezala», zehazten du Auzitegi Gorenaren sententziak.

«Herritarren %90 euskalduna»

Azpeitiko Udalaren ordenantzaren atarikoan zehazten da euskara dela herriko hizkuntza, biztanlegoaren %90k euskara erabiltzen baitu. Horren harira ere mintzatu da epaia, udalak datuok ez dituela frogatzen zehaztu ostean: «Zer gertatzen da gainerako bizilagunekin, gazteleraz mintzatu nahi duten horiekin, edota Espainiako beste zonalde batzuetatik bertaratzen direnekin? Zer gertatzen da komunikatzeko espainola erabiltzeko duten eskubidearekin?», galdegiten du sententziaren pasarte batek, ondorengoa baieztatu aurretik: «Azken batean, hizkuntzaren koofizialtasuna alegiazkotasunik gabe uzten du».

Are gehiago dio epaiak: «Biztanlego guztia euskaraz mintzatuko balitz ere, horrek ez lioke udaletxeari gai hori erregulatzeko ahalmenik emango, ez baitu horretarako eskumenik».

Udalaren arauak, interes orokorreko zerbitzuen kasuan, enpresei eta dendei gutxienez euren idazkunak euskaraz egitea ezartzen die. Horren harira ere mintzatzen da Auzitegiaren sententzia eta «gazteleraren erabilera eta bere grafia murrizteko asmoaren adibide» dela ziurtatzen du.

Auzitegiaren epaiaren berri izan bezain laster, Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, Azpeitiko alkate Julian Eizmendik, ordenantza horrekin Udalak ez dituela eskumenak ez eta eskubideak urratzen adierazi zuen eta Auzitegi Nagusiaren sententziaren aurka errekurtsoa aurkezteko asmoaren berri eman zuen.

Hizkuntz Eskubideen Behatokikiaren iritziz, sententzia horrek begibistan jartzen du justiziak berak injustiziak eragiten dituela.

Halaber, kontrako kasuak gertatzen direnean, hau da, gaztelera lehenesten denean, ez dela «ezertxo ere egiten» salatu du erakunde horrek.

Errekurtsoa

Azpeitiko alkate Julian Eizmendik, Auzitegi Nagusiaren sententziaren aurka errekurtsoa aurkezteko asmoaren berri eman zuen, hori egiteak eskumenak eta eskubideak ez dituela urratzen argudiatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo