Harri-jasotzea Marka saiakera
Sardonek bost aldiz jaso du 113 kiloko zilindro zaharra
Hiru jasoalditan ondu du aurretik Miren Urkiolak eginda zeukan errekorra
Jon LEUNDA | URNIETA
Marijose Sardonek ez zuen hutsik egin eta marka berri bat ezarri zuen atzo Urnietan, bere herrian, 113 kiloko zilindro zaharra bost aldiz berdindu baitzuen bost minututako txanda bakar batean. Emakume batek inoiz egin duen markarik handiena lortu zuen horrela. Atzo arte, harri horrekin eta denbora horretan, Miren Urkiolak zeukan errekorra. Berak bi aldiz altxatua zuen. Atzo Sardonek nahikoa zuen hiru aldiz altxatzearekin, baina bost aldiz jaso zuen, marka handia eginez.
Marijose Sardon oso seguru plazaratu zen, Telleria I.a eta Telleria II.a alboan zituela. Berak, gero esan zuenez, lau jasoaldi egiteko asmoa omen zuen, baina azkenean bost egin zituen. Epaileak txistua jo bezain pronto heldu zion harriari eta hamabost segundotan egin zuen lehen jasoaldia. Bigarrena, minutu eta 24 segundotan egin zuen eta Urkiolaren marka berdindua utzi zuen. Hirugarrena, berriz, bi minutu eta 33 segundotan, eta hor, dagoneko, marka egina zeukan.
Artean, denbora soberan zuen eta garbi zegoen bost ematera zihoala, eta horrelaxe izan zen. Azkenekoa jasota, 14 segundo geratu zitzaizkion soberan. Egin zituen bost jasoaldiak garbiak izan ziren eta bostak ere oso tankerakoak izan ziren. Denetan, lehenengo harria gerrira ekarri, gerrian buelta eman, eta bularrean hiru kolpe eman ostean, bizkarrean berdindu zuen. Jasoaldi guztietan egin zuen gauza bera.
Amaieran pozez gainezka zegoen Marijose Sardon eta ez da harritzekoa, lortutako marka handia izan baitzen: «Egia esan behar bada, hasieran lau jasoaldi ematera etorri naiz, hori baitzen etxean egiten nuena. Gero, berotzen ari nintzela, oso ongi nengoela ikusi dut, eta orduan hartu dugu bostera joateko erabakia, eta azkenean dena oso ongi joan da», esan zuen.
Kanpotik erraz eta lasai aritu zela ematen zuen, baina barruan omen zeraman kezka: «Denek hori esan didate, baina barruan neraman urduritasuna. Hala ere oso gustura geratu naiz nire buruarekin», aitortu zuen urnietarrak. Orain lanean jarraitu nahi du.