Zigor Enbeita, Arabako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurreko izarra
Zigor Enbeita izan zen garaile atzo Zigoitian jokatutako lehen finalerdian. Saio erregularra eta ia akatsik gabea osatu zuen izarrarrak eta bost punturen aldea atera zien Iñaki Viñaspreri eta Manex Agirreri.
ZIGOITIA
Ehun entzule inguruk bete zuten aretoa, eta bertsolariek hasiera ona eman zioten saioari. Zortziko nagusian denak aritu ziren maila onean eta elkarrizketa txukunak entzun ahal izan zituzten bertaratu zirenek. Manex Agirre itsua zen eta ospitalera bidean jarri zuen Irati Lotina gai-emaileak. Ruben Sanchez bisitan joan zitzaion ebakuntza bati esker ikusmena berreskuratu zuen lagunari, hain zuzen. Manexen bigarrenari erantzunez honela bota zion Sanchezek, «Ze ikusten dudan esango dizut neri eskatu bezela/ lehenengo gauza esango dizut nahiko guapoa zarela», eta Agirreren azkena berriz honakoa izan zen: «Orain ez naiz hain itsu sentitzen lagun on bat dudalako».
Zortziko txikian ere izan ziren ale ederrak, eta bertsolariek umorea baliatu zuten entzuleak txaloka jartzeko. Felipe Zelaieta eta Izar Mendiguren bikote ohiak, agentzia bidez bikote berria bilatu nahi zuten eta zitara agertuta elkarrekin egin zuten topo. «Utzi ninduzun triste, ilun, mehar/ banekien ez ginela gu banandu behar», kantatu zion Zelaietak, eta Izarrek ostera, «askori pasa zaio ta dut konprenitzen/ badakit zaila dela ni gabe bizitzen», erantzun zion. Sanchez eta Enbeita ere tabernan elkartu ziren. Sanchezek 30 euro bota zituen txanpon-makinan eta dirua aldatzera joateko unean, Enbeitak saria jaso zuen. Gogor hasi zen Ruben Sanchez «emaidazu erdia txerri alaenak/ edo jango dituzu horko fruta denak», esan zion eta Enbeitak zuzen erantzun «gizartean itxura ez al da hau oso/ zuk makina berotu nik dirua jaso».
Hamarreko txikiko ariketan moteldu ziren bertsolariak eta orduan egin zuen behera bertso saioak. Puntu erantzunak iritsi ziren ondoren, eta denak aritu ziren erregular. Nabarmentzekoa izan zen Izar Mendigurenen lehen puntu erantzuna, saioko bertsorik onenetakoa izan zen: «Gaztea izatea ez da hain erreza/ zenbat arazo eta zelako estresa/ gainera zail da aurkitzen legeen babesa/ baina zailagoa da gaztetasun eza».
Kartzelako gaiari bina bertso bota behar izan zizkion bakoitzak saioari amaiera emateko. Gai irekia eman zien Lotinak, «Azken aldian buruan bueltaka darabilzu hau: egingo dut edo ez dut egingo?» eta bakoitzak bere bidea asmatu behar izan zuen. Agirre eta Viñaspre izan ziren egokien aritu zirenak. Agirrek bere buruaz beste egitea erabaki zuen azken bertsorako eta Viñasprek, berriz, etxea erosi nahi eta hipotekak sortzen zizkion estuasunak arintzeko bidea asmatu zuen.
Bertsolari guztiek datorren igandean Aramaion izango den saioaren zain egon beharko dute finalean nortzuk ariko diren jakiteko, sei finalistek puntuazioaren arabera lortuko baitute finalerako txartela. Oihane Perea, Asier Otamendi, Andere Arriolabengoa, Juan Mari Juaristi, Rikardo Gonzalez de Durana eta Serapio Lopez arituko dira Aramaioko Kultur Etxean.
Atzoko puntuazioa, hauxe: Zigor Enbeita, 328,5 (puntu); Iñaki Viñaspre, 323,5; Manex Agirre, 323,5; Ruben Sanchez, 315,5; Izar Mendiguren, 309; eta Felipe Zelaieta, 294.