Bosgarren urtemugako hitzorduei agur esan die Sagarrondotik jaialdiak
Ostiralean Hernanin Sagarrondotik jaialdiaren lehen hitzorduan giro politaz gozatu bazen, are harrera beroagoa izan zuen larunbat gauekoak. Ordu luzez iraun zuten kontzertuek, eta eskainitako musika sorta bera ere anitza izan zen oso. Julieta Venegasek ongi jantzi zuen jaialdia.
HERNANI
Sagarrondotik-eko arduradunek aurtengo hitzordurako kontzertu «bereziki gogoangarriak» antolatzeko erronkari eutsiko ziotela iragarri zuten orain hamar bat egun Donostian egin agerraldi batean, eta badirudi asmoak errealitate bihurtu direla azkenean. Kontzertuon bosgarren urtemugak egitarau betea zekarren Hernanira, eta herritarren erantzunak jakin du bai, deialdiari erantzuten.
Ostiralean oholtzan aritu ziren taldeek -Delorean, Skalariak, The James Taylor Quartet, La Inconsciencia de Uoho eta The Bon Scott Band- harrera polita izan bazuten, larunbateko emanaldiek are hobea.
Pozik apusturik handienarekin
Aurreikusita zegoen bezala, 21.00ak inguruan eman zitzaion hasiera bigarren hitzordu horri, eta antolakuntzak atzo jakinarazi zuenez, goizaldeko 5.30ak arte luzatu zen azkenean.
Hernaniko Landare errugbi zelai ondoan paratutako karpa erraldoiko oholtzak esparru anitzetako musikariak hartu zituen. Euskal Herrian aski ezagunak diren Zea Mayseko kideak a- ritu ziren lehenik, gero Atom Rhumba, Julieta Venegas, Maneta de Kamioneta eta Raimundo Amador, azkenik Obrint Pas valentziarrei lekukoa pasatzeko.
Jardunaldiko apusturik handiena Julieta Venegasekin egin du aurten Sagarrondotik-ek. Eta, kantari mexikarrak ez zuen hutsik egin. Laugarren lana duen «Limon y sal» aurkeztu zuen, eta hitzordura bertaratutakoek haren kanten doinu zein letrak ezagutzen dituztela erakutsi zioten, hainbat alditan karpan bildutakoekin batera aritu baitzen kantuan.
Akordeoiak gozatutako baltsekin azkenaldian mundu osoan zehar lortutako arrakastaren ispilu izan zitekeen larunbatekoa. Eta, «beste bat» kanta zezan eskaerarik ez zitzaion falta izan. Nolanahi ere, mexikarrarena ez ezik, beste «punta-puntako» taldeek ere giro polita sortu zuten. Baita Raimundo Amadorrek ere tartean, nola ez.
Aipatu emanaldiez gain dena den, osterantzean, aurtengo hitzorduen bilakaerakin ere pozik agertu ziren atzo arduradunak. Nabarmendu zutenez, larunbateko kontzertuek bezperakoek baino dezente herritar gehiagoren bisita erakarri zuten.
Eguraldia ere portatu da
Gainera, aurreko zenbait urtetan ez bezala, egunotan eguraldiak ere asko lagundu du aurrez prestatutako egitaraua aurrera ateratzeko orduan. Eta, hori eskertzekoa da, zalantzarik gabe, bereziki jaialdirako baliatzen den espazioa zein kokagunea kontuan hartuta.
Hitzordurako beharrezkoa den muntaiari dagokionean ere, bestalde, guztia primeran joan dela aipatu zuten atzo, nahiz eta ziurrenik aurrerago ere egingo duten balantze edo irakurketa sakonagorik antolatzaileek.
Atzo, bestetik, Urnietan segi zuen jai giroak, Sagardo Festa ere bazegoen-eta aurreikusita.
Jaialdia Sagardoaren Kultura Sustatzeko Elkarteak antolatzen du. Orain arte, kontzertuek askotariko musika eskaintzea izan dute ezaugarri nagusietako bat, eta aurtengo kartela ere horren lekuko argia izan da.