GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Amateur

Gonzalezen elastiko horia nabarmendu zen Gorla zurian

Saunier Duvaleko txirrindulariaren erasoari inork ezin izan zion aurre egin azken igoeran eta Caja Rural eta Seguros Bilbao taldeen lana alferrik izan zen

Unai IRARAGORRI | BERGARA

Caja Rural eta Seguros Bilbao taldeak nagusi izan ziren atzo; Saunier Duval taldeko Hector Gonzalezek altxatu zituen besoak, ordea, elurrak zuritutako Gorlako gainean. Hain zuzen, Albacetekoak -Barakaldon jaio zen- Jose Vicente Toribio eta Adrian Saez de Arregi gainditu zituen azken igoeran. Euskaldunak lan itzela egin zuen, oso lehiatsua.

Bigarren igoera hasi bezain laster sua piztu zuen Gonzalezek errepidean, aurkariak atzean utziz. Aurreko iheslariak harrapatu zituen, eta soilik Saez de Arregik heldu ahal izan zion Albacetekoaren gurpilari, amore eman zuen arte.

Azken hiru kilometroetan eta elurraz inguraturik, erritmoa ez zuen jaitsi Gonzalezek eta ospe handiko garaipena lortu zuen, Intxaustik, Azanzak, Ormaetxeak edo Contadorrek bezala. Elurraren zuriari protagonismoa kendu zion Saunier Duval taldeko elastiko horiak. Kantabriako multzoa oso ondo aritu zen, txirrindulari gutxi bazituen ere.

Hotzak eta elurrak ez zituzten 23 urtez azpiko 139 txirrindulariak kikildu Bergaran, Gorlara bi igoera burutzeko, 90 kilometro guztira, hain zuzen ere.

Lizarte taldearen erasoa

Aurreneko 40 kilometroak ordekan izan ziren eta lehia lehenengo igoeran hasi zen. Madrazok (Saunier) hanka egin zuen, eta atzetik Saez de Arregi (Caja Rural) eta Iraizoz eta Amador (Lizarte) heldu ziren. Costa Ricakoak goizegi jo zuen erasoa.

Lauak buruan igaro ziren tontorretik. Jaitsiera azkarra bukatuta, Izagirrek (Seguros Bilbao), Varasek (Caja Rural) eta Olanok (Bidelan) harrapatu zuten eta ihesaldia berehala bukatu zen.

Deskarga igotzen hasi baino lehen, Seguros Bilbao lasterketa erabakitzen saiatu zen. Izagirrek berak, Egoitz Garciak eta Castroviejok aurrera egin zuten, Saez de Arregi, Gutierrez (Würth) eta Aranzabal (Bidelan) txirrindulariekin batera. Tropelak, berriz, aldea murriztu zuen nabarmen.

Aukera ez zuen galdu Gonzalezek. Hirugarren urtekoa igotzailea da, iaz Bidasoako eta Goierriko saioak eskuratu zituen. Euskal Herria du gustuko, izan ere, Barakaldon jaio eta lau urte bete arte Sestaon bizi izan zen, aitak Bizkaiko Labe Garaietan lan egiten baitzuen.

Atzoko maldak iaz ezagutu ziten -zortzigarren sailkatu zen- eta behetik bizitu zuen erritmoa, garaipen ederra lortzeko. Atzetik, Caja Rural saiatu zen, baina Toribiok ezin izan zion Gonzalezi heldu. Talde nafarrak hiru gazte sartu zituen aurreneko bosten artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo