GARA > Idatzia > Euskal Herria

PSNren adierazpena ez dela nahikoa eta gakoa hauteskundeak direla ziurtatu du Sanzek

GARA |

UPNk ere, hauteskundeei begira, ekitaldia egin zuen atzo Arguedasen eta 3.000 lagun inguru bildu zituen. Bertan, «Nafarroaren gaineko negoziazioa egon badagoela» ziurtatu eta hori ekiditeko irtenbide bakarra maiatzeko hauteskundeak irabaztea dela esan zuen Miguel Sanz presidenteak.

Martxoaren 16an, UPN-PPk eta CDNk Iruñean egungo estatusaren alde egindako manifestazio jendetsuaren bezperan, horri eusteko konpro- misoa agertu zuten PSNko hautagaiek ere. Sanzen ustez, ordea, hori ez da nahikoa. Izan ere, zera helarazi zien atzo: «Nafarroa nafarrek erabakiko dutena izango dela esatea ez da nahikoa. Beraiek zer nahi ote dute Nafarroarako? Hori da koska».

«Trenbidetik atera»

UPNko agintariak PSNk «anbiguetatea» darabilela salatu zuen berriro. Baina urrutiago ere joan zen. Carlos Chivite eta Fernando Puras buru dituen alderdiak esango duenak garrantzi handirik ez du- ela argi du Sanzek, «hauteskundeen ondorengo itunak erabakitzeko ahalmenik ez du eta. PSNk ez du gaitasunik eta ez du lehentasunik».

Hau dela eta, hauteskundeak irabazteko beharra azpimarratu zuen berriz Miguel Sanzek, hitz hauekin: «Prozesua amaitzea dago jokoan. Zapaterok tren batera igo gaitu, baina UPNkook ez dugu tren horretan joan nahi, ez dugu lau probintziaz osatutako autonomia batean probintzia arrunta izan nahi. Hauteskundeetan, beraz, tren hori trenbidetik aterarazi behar dugu».

Bere tesiari Fernando Savater, Maite Pagazaurtundua, Rosa Diez eta Fernando Garcia de Cortazar bezalako pertsonek babesa eman diotela argudiatu zuen, gainera, Miguel Sanzek.

Chivite: «Beldurra dauka»

Carlos Chivite PSNko idazkari nagusiak laster egin zien aurre Sanzen adierazpen berri hauei. Ohar baten bidez, «lasaitasuna» eskatu zien herritarrei, eta UPNko agintariaren jokabidea «botere galtzeko duen beldurrari» ego- tzi zion.

«Maiatzaren 27an Nafarroako Gobernua aldatzeko aukera ederra dago. Eta bide batez, Sanzen krispazioa eta gezurren truke Purasek ordezkatzen duen egia eta elkarbizitza ekartzeko aukera dago», adierazi zuen Chivitek. Inkestek UPN goitik behera datorrela islatzen dutela ziurtatu zuen, «eta PSNk, aldiz, gorako bidea hartua du etengabe».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo