GARA > Idatzia > Euskal Herria

Milaka lagunek egin dute lasterka Korrika 15en lehenengo igandean

Dagoeneko Korrika 15 jarraitzen bost egun daramatzagunetako askori ahaztu zaigun arren, komeni da gogoratzea atzo igandea zela, eta horrela, erraz uler daiteke atzo egun osoan zehar Korrikak izan zuen jarraitzaile andana.

Iker IRIARTE

Euskararen aldeko lasterketa erraldoiak atzokoan igaro zituen herrietako bizilagunen euskararekiko konpromezua zalantzan jartzeko inolako asmorik gabe -jakin baitakigu urtero oso harrera beroa izaten duela Korrikak Gipuzkoa eta Bizkaia arteko muga inguruetan-, igandea zela gogoratuz gero, erraz uler daiteke halako jende uholdearen presentzia.

Gauez Gipuzkoatik Bizkaira salto egin bazuen Korrika 15ek, eguerdi aldera berriro ere itzuli zen herrialde horretara, laster-laster berriz ere Bizkaira pasatzeko. Alde batean nahiz bes- tean bildutako jende mordoa izan zen atzoko jardunaldiaren bereizgarri nagusia. Eguraldiak berak ere asko lagundu zuen arren, igandea izateak berak ere izugarrizko garrantzia izan zuen.

6:00 Urretxun, bertsotan

Aurreko gauean Gipuzkoako hiriburutik irten eta gero, Urola ibarra zeharkatu eta Bizkaira bidean Urretxura bertaratu zen Korrika 15. Bertan, bertso eskolako lagunek erosi zuten kilometro bat eta bertsotan aritu ziren, ezin zen bestela izan, baina ez une batez, kilometro osoan zehar baizik. Ordua ez zen, inolaz ere, arazo izan jai giro bete-be- tean murgilduta zeuden urretxuarrentzat, eta hala, bertso doinuek animaturik, denbora luzez aritu ziren korrika Urretxun elkartutako lasterkari asko eta asko.

Soraluzen eta Ermuan ere bertako bertso eskolek euren kilometroak egin zituzten; dagoeneko ohikoa bihurtzen ari da Korrikan goazela bertsoak entzutea. Hala ere, batzuk oraindik ere jendaurrean abesteko saltoa egiteko ez daude uste bezain prestatuak, eta hori dela-eta, kopla eta errimarik errazenera jotzen dute: «Ika, ika, ika/ hemen dator Korrika».

Baina bide luzeak aipatzen hasita, ezin noski ahaztu hamabosgarren aldi honetan kilometro gehien egin dituen gazte anonimoa. Izenik eman nahi izan ez zuen arren, Zarautzen lasterketari ekin zion gazte batek 63 kilometro egin zituen lekukoaren atzetik, Azkoitiko Aizpurutxo auzoraino. Sei ordu inguru aritu zen korrika!

Halako bide luzea egin zuen besterik ez zen egon atzo, benetan zail baita, baina batzuek kilometro andana egin zituzten zailtasun osagarriekin: gizon batek Elorriotik Zaldibarrerainoko bidea bete zuen bi haur -bizkiak- zeramatzan karrotxo bati tiraka: Hori da gazte-gaztetatik irakastea!

10:00 Durangon, urteurrena

Urretxutik irten eta Antzuola, Bergara eta Elgeta pasa ondoren, Bizkaira pasa ziren korrikalariak 9.00ak aldera, aurreikusi bezala.

Aurreko herrietan bezala, Durangon ere jendetza oso handia bildu zen lekukoaren inguruan, eta horrekin batera aldarrikapenak ere ugari izan ziren: gaztetxeen eta presoen aldekoak eta Abiadura Handiko Trenaren aurkakoak, batez ere. Alabaina, Durangon izaera berezia izan zuen Korrikaren pasaerak, herri horrek jasan zuen bonbardaketa baten 70. urteurreneko ekitaldiak egiten ari baitira. Ahaztuak-eko kideek kilometro batean zehar eraman zuten Korrika 15en lekukoa, eta oso une hunkigarriak bizi izan ziren.

Gertatu zirenak kontatzeaz gainera, ordea, gertatzen ez direnak ere aipagarri dira askotan, eta halaxe gertatu zen atzo Iurretan, Euskalbirus elkarteko kideak ez baitziren, urtero ohi duten moduan, biluzik joan le- kukoa hartzera; eta eguraldiak ez zuen lasterka ez egiteko aitzakia gehiegi eskaintzen atzo.

Bestalde, azken 30 urteetan AEK-ko irakasle den Nieves Aranoak -Bizkaiko txapeldun izandako Igor Elortza bertsolariaren ama- ere lekukoa eraman zuen.

12:00 Deba Beherea, gainezka

Durangotik bitan pasa ondoren, Deba arroan barneratu zen Korrika 15, eta bertako bereizgarri nagusia, inguruan bildu zen jendea izan zen, beste lekuetan baino nabariagoa, ziurrenik.

Kaleak, berdin zion estu nahiz zabal izan, txiki geratu ziren lasterka eta ikusten zebilen jende mordoari leku egiteko. Hiri eta herrietako leiho eta balkoietan ere jende mordoa pilatzen da, eta aipatu haraneko udalerriak ez ziren noski salbuespen izan.

Ermuan, dantzariek uztai eta guzti lasterketari harrera paregabea eskaini ostean, Mari Feli Manzisidorri herri erdiko kilometro batean lekukoa eramateko ohorea utzi zioten ermuarrek, emakume horrek euskal- tegian eta euskararen alde lanean daramatzan urte luze, on eta baliagarriak eskertzeko.

Eibarren, aldiz, musika bandak eta milaka lagunen txalo zaparradak harrera izugarri beroa egin zioten Korrika 15i, irudi oso jendetsuak utziz.

16:15 Omenaldia Deban

Nahiz goizean ordu-orduan, aurreikusi bezala, zebilen Korrika, garai horretarako, jada, hamar minutu edo ordu laurdeneko atzerapen txiki bat pilatu zuen lasterketak. Dena den, hori guztiz normala da, eta aurrerago errekuperatu zuten aurreikusitako ordutegia.

Barnealdetik kosta aldera abiatu zen jarraian euskararen aldeko lasterketa, eta Deban bizi izan zen, lehenengo kilometroan, eguneko une hunkigarrienetako bat.

Bertako AEK-ak erosi zuen kilometro hori, eta lekukoa pasa ondoren, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeko kideek omenaldia eskaini zioten iazko irailean zendu zen Izaskun Laka gazteari. AEK-ko irakasle izandakoaren lagun min Xabier Boschi lore sorta bat eta Korrika 15en peto bat eman zizkion Nekane Berruetak gainerakoen txaloen artean.

21:15 Arraunlariek argituta

Une hunkigarri horiek gainditu eta herriari buelta bat eman ostean, berriz ere Bizkaira abiatu zen Korrika 15. Behin Bizkaian, kostako lerroari jarraiki egin zuten lekukoak eta bere jarraitzaile guztiek bidea, oso irudi politak ikusi ahal izan zirelarik.

Lekeitio izan zen, urteroko moduan, unerik politenetako batzuk ikusteko aukera eman zuen herria. Bertara nahiko puntual iritsi zen lasterketa eta ongietorria Isuntza taldeko arraunlariek egin zieten korrikalariei, oso modu «ikusgarrian» egin ere: herriko kaleen bi aldetara jarri eta eskuan suziak zituztela agurtu zituzten Juan Gorriti eskultoreak eginiko lekukoaren atzetik zetozen korrikalariak.

Beste hainbat herri eta kilometrotan gertatu den moduan, bestalde, euskararen transmisioari gorazarre egin nahi dion Korrikaren hamabosgarren edizio hau probestuz, herriko Ioar tabernako hiru belaunaldik lekukoa batera eraman zuten.

Lekeitio utzi eta gero, ordea, kostako bideari amaiera eman eta Bizkaiko barrualdera jo zuen lasterketak. Gaurko lehen kilometroak Gernikan egingo ditu lasterketak, eta egun osoan Bizkaian zehar ibiliko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo