GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Gogorra izan da, baina hutsek erabaki dute finala

Joxemari ETXENAGUSIA, Pilotari ohia

Final gogorra ikusi dugu, baina akats gehiegi izan dituela uste dut. Xala eta Eulate beren partida egitera irten dira, serio-serio, eta neurketa oso ongi jarri zaie. Beren meritua izango zen, ez dut ezetz esango, baina batez ere besteen opariei esker hartu dute aurrea markagailuan. 11 eta 6ko horretan-edo, Asier jokoan gehiago sartzen hasi da eta bere nerbio berezi horrekin mina egin dio Eulateri. Pixkanaka emaitzari ere buelta eman diote eta Eulateren beherakada aprobetxatuz finala oso ongi jarri zaie gorriei. Azkenean, ordea, Eulatek berriz ere gora egin du eta Olaizola zein Belokiren hutsek garaipena eman diete kontrarioei. Horregatik, uste dut finala hutsik gutxien egin duen bikoteak irabazi duela. Materiala... egia da neurketak takada dezenteak izan dituela, baina ez dut uste gehiegizkoa izan denik, ezta gutxiago ere. Bakoitzak berea izan du eta ez dago batere aitzakiarik. Amaitzeko, eta txaloak Xalak eraman dituen arren, hitz batzuk idatziko ditut Eulateri buruz. Bi aldiz jokatu du txapelketa, bi aldiz iritsi da finalera eta bi txapel irabazi ditu. Ez da jotzaile handi horietakoa, baina zeresana emango duen atzelari baten aurrean gaudela uste dut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo