GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Urrezko Aizkora Lekunberriko saioa

Barberenak Etxeberria menderatu du lehia estua ostean

Xabier Mindegiak eta Jon Rekondok ere hurrengo kanporaketarako txartela lortu zuten, nahiz eta ez zuten horrenbeste sufritu beharrik izan Juan Rodriguezi eta Joxemari Esnaolari irabazteko

Jon LEUNDA | LEKUNBERRI

Xabier Mindegiak, Jon Rekondok eta Joxejuan Barberenak lortu zuten Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela atzo Lekunberrin.

Saioko probarik erakargarrienean, Barberena eta Etxeberria neurtu ziren, eta amaieran Beruetekoak lortu zuen garaipena, sei segundogatik. Hiru saioetan, aizkolariek lan bera izan zuten. 45 ontzakoa ahalik eta kolperik gutxienean moztea, 45 ontzakoa erlojuz kontra moztea, neurri bereko enborra zutik ebakitzea, eta azkenik, bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat zeinek lehenago moztu.

Barberenak eta Etxeberriak lehia oso estua izan zuten plazan. Kolpeka, 30ean erdibitu zuen Barberenak, eta hiru gehiagotan Etxeberriak. Erlojuz kontrakoan, 55 segundo behar izan zituzten bi aizkolariek. Zutikakoan, ordea, minutu eta 16 segundotan bota zuen Etxeberriak, eta minutu eta 33 segundotan Barberenak. Lantegi horretan, Etxeberriak belaunean aizkorarekin ebaki bat egin zuen, baina lanak amaitu egin zituen, eta gero joan zen erietxera. Ez dirudi larria denik, nahiz eta azkeneko lanean nabaritu zuen. Hor, Barbernak 6.32n amaitu zituen lanak eta 6.52n Etxeberriak. 9.10 izan zen amaierako Bareberenaren denbora, eta 9.16 Etxeberriarena.

Xabier Mindegiak, Rodriguez I.ari irabazi zion. Kolpekakoan, berak 33 eman zituen, eta bat gehiago segoviarrak. Erlojuz kontra, 55 segundokoa izan zen bere denbora, eta bi segundo gehiagokoa aurkariarena. Zutikakoan, 1.35 izan zen labaiendarraren denbora, eta 1.39 aurkariarena. Lan luzean, 8.07 izan zen nafarraren denbora eta 8.26 segoviarrarena. Denetara, 11.10 izan zen Mindegiaren denbora eta 11.34 Rodriguezena.

Jon Rekondok, berriz, Esnaola menderatu zuen. Leitzarrak irabazi egin zituen proba guztiak. 32 eta 37 kolpe izan ziren lehen lanean. 45 segundo eta 1.01 izan ziren bigarren laneko denborak. 1.20 eta 2.09 hirugarren laneko denborak, eta luzekoak, berriz, 9.18 eta 11.08. Amaieran, 12.05 izan zen Rekondoren denbora, eta 14.55, berriz, Joxemari Esnaolarena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo