GARA > Idatzia > Kultura

Perea nagusi Arabako Bertsolari Txapelketako azken finalerdian

Oihane Perea gasteiztarra izan zen atzo Aramaioko Kultur Etxean jokatu zen Arabako Txapelketako bigarren finalerdiko irabazlea. Perearekin batera, Asier Otamendik, Juan Mari Juaristik, Zigor Enbeitak, Iñaki Viñasprek eta Manex Agirrek lortu dute finalerako txartela.

Jokin LABAYEN | ARAMAIO

Ofizioko lanean erregulartasunez eta fin aritu zen Oihane Perea, eta kartzelakoan, egindako lana biribildu egin zuen. Pereaz gain, Otamendi eta Juaristi ziren hautagai nagusiak eta ez zuten hutsik egin.

Aramaioko Kultur Etxean, sei bertsolari aritu ziren atzo: Oihane Perea, Asier Otamendi, Juan Mari Juaristi, Rikardo Gonzalez de Durana, Andere Arriolabengoa eta Serapio Lopez.

Lierni Altuna gai-emaileak, lan munduan kokatu zituen Perea eta Otamendi zortziko nagusian. Elkarrekin lanean aritu ondoren, lantokia Zaragozara aldatuko zutela-eta, Pereari bertara joateko aukera eskaini zioten, Otamendi, ostera, lanik gabe geldituko zen. «Zaragozara ba omen zoaz ta ematen didazu pena/ zu ez al zinan Euskal Herria altxatu behar zuena?» galdetu zion Otamendik, eta Pereak zalantzaz erantzun zion: «Arrazoi duzu ta ez dakit hartu edo ez destino urruna/ bi gauzak behar ditudalako lana ta duintasuna».

Zortziko nagusian entzun ahal izan zuten bertaratutako ehun bat entzuleek, arratsaldeko elkarrizketarik onenetako bat. Juan Mari Juaristi aita, Vietnamgo gerran izandakoa, eta Irakerako deitu berri zuten Serapio Lopez semea aritu ziren ofizioan. «Ez dut joan nahi irabaztea ezinezko den gerrara» aitortu zion semeak aitari eta aitak kontua nola zen azaldu zion Azoreetako argazkiaren harira: «Gerrarik ez zen sekula egingo eurak joango balira».

Juan Mari Juaristi eta Rikardo Gonzalez de Duranarena izan zen zortziko txikiko ariketarik biziena. Bertso biribilak bota ez arren, alaitasunez abestu eta txaloen beroa lortu zuten. Bertso saioan zeuden bi bertsolari ziren, argia joan zen, eta Juaristik Gonzalez de Duranaren eskua sentitu zuen izterrean. «Nire eskua sentituz berotu al zara?» izan zen Gonzalez de Duranaren bigarren bertsoaren amaiera, eta Juaristik zorrotz erantzun zion: «Bertso lagunak gara baina hori bakarrik». Azken bertsoan, berak plazera sentitu zuela esanaz bukatu zuen ofizioa Rikardok.

Hamarreko txikian ere, bertso onak bota zituzten Juan Mari Juaristik eta Asier Otamendik. Otamendi DBHko irakasleak amodiozko gutun bat jasotzen zuen egunero. Juaristi ikusi zuen atzo bere liburuan gutun bat sartzen. Literaturan saiatu arren, berea matematikako klasea zela bota zion Otamendik. «Matematikan zera neurriaren jabe/ eta nik maite zaitut neurririkan gabe» izan zen Juaristi nerabeak kantatu zuena, eta Otamendik honela esan zion: «Zure problema horrek soluzioik ez dauka».

Kartzelara iritsi eta gai zabal bati mamia atera behar izan zioten bertsolariek. Egunkarian irakurritako berriak pentsarazitakoa azaldu zuten. Pereak emakumeen aurkako indarkeriari buruz kantatu zuen, hurrengoa berak izan nahi ez zuela, alegia. Gonzalez de Duranak eta Arriolabengoak Abiadura Handiko Trena izan zuten hizpide eta herritarrei eragindako kalteak nabarmendu zituzten.

Finala, apirilaren 21ean

Epaileen erabakiak saioko puntuazioa eta finalean nortzuk arituko diren argitu zuen aldi berean: Oihane Pereak, 344 puntu; Asier Otamendik, 341,5; Juan Mari Juaristik, 337; Rikardo Gonzalez de Duranak, 317; Andere Arriolabengoak, 310,5; Serapio Lopezek, 304,5.

Apirilaren 21ean, Gasteizko Jesus Guridi Aretoan txapelaren bila arituko diren sei bertsolariak hauek izango dira: Oihane Perea, Asier Otamendi, Juan Mari Juaristi, Zigor Enbeita, Iñaki Viñaspre eta Manex Agirre.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo