bulder Europako Txapelketa
Norabide berriak lehen hitzordu nagusian
Martxoaren 16tik 18ra Birminghamen jokatutako Europako Bulder Txapelketa Juliette Danion eta David Lamak irabazi zuten. Irati Anda, Euskal Herriko parte hartzaile bakarrak, sailkapeneko hogeita seigarren postua lortu zuen.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Nazioarteko zailtasuneko zirkuitua ez bezala, badirudi blokekoa serioagoa dela. Horrekin esan nahi dugu bulder proba garrantzitsuenak hasi direla, bederen; zailtasunari dagokionez, ordea, den-dena atzeratzen ari dira. Iazko Jekaterinburgoko (Errusia) akats larria atzean utzita, -egoera kaskarra zela eta espero bezala bertan behera utzi zuten- Birminghamen (Ingalaterra) jokatu den Europako Txapelketa arrakastatsua izan da. Izan ere, hiri horretan jakin badakite antolaketa lan bikainak zer diren; besteak beste, horren inguruko kultura handia dagoelako.
Eta txapelketak eman duenarekin hasteko, inolako zalantzarik gabe gizonezkoen maila aipatu behar dugu lehenik eta behin. Aurreratu dugun legez, irabazlea David Lama austriarra izan da. Hamasei urte soilik ditu, baina badirudi beterano baten eskarmentua duela. Nagusien mailan iaz aurkeztu zuen bere burua, batez ere Zailtasuneko Munduko Kopan. Lehenengo aldi horretan hiru proba irabazi zituen eta sailkapen nagusian bigarren geratu zen. Blokeko Munduko Kopan ere ederki ibili zen, Austrian jokatutako proba batean bereziki. Izan ere, probatzera joan omen zen, eta irabazi egin zuen. Horrela, bada, Lamak argi asko utzi du badakiela zailtasuna eta blokea ondo uztartzen.
Sailkapen txandari dagokionez, zazpi saialditan lau top egin zituen. 57 lehiakideren artean, indartsu azaldu ziren Daniel Dulac, Nalle Hukkataival, Tomas Mrazek, Stephane Julien, Salavat Rakhmetov... Baina txapelketa luzea zuten artean aurretik. Finalerdiek, berriz, garbiketa handia egin zuten eta sei lehiakide soilik pasatu ziren finalera. Borroka nagusitik kanpo geratu ziren, besteak beste, Mauro Calibani, Dulac, Christian Core... Finala bi lagunen arteko gauza izan zen, Lama eta Hukkataivalen arteko lehia estua hain zuzen ere. Askorentzat azken espezialista horren izena ez da oso ezaguna izango, baina argi dago finlandiarra oso indartsua dela, iazko Rock Master ekitaldian nagusitu zen eta.
Danionen erakustaldia
Norgehiagoka horretan Lamak lau top, hots, bloke guztiak egin zituen zortzi saialditan. Finlandiarrak ere bloke guztiak gainditu zituen baina austriarrak baino bi saialdi gehiago behar izan zituen. Horrela, bada, Lamak aurtengo hitzordu nagusia irabazi zuen eta Hukkataival bigarren geratu zen. Atzetik, berriz, hirugarren postuan Mrazek txekiarra sailkatu zen; laugarrenean Dmitry Sharafutdinov errusiarra, bosgarrena Rakhmetov errusiarra; eta seigarren eta azken finalista, Julien frantsesa.
Nesken mailan, bestalde, Juliette Danionek erakutsi zuen oso sasoiko iritsi zela Birminghameko hitzordura. Hori bai, hatz batean izaniko arazoak ez zituen guztiz osatu. Sailkapenak nahiko errazak ziruditen. Sei bloke jarri zizkieten eta lehenengo saialdian sei lehiakidek gainditu zituzten: Yulia Abramchuk, Maud Ansade, Sabine Bacher, Olga Bezkho, Natalija Gros eta Tatiana Tarasova. Baina finalerdiek beste aurpegi bat erakutsi zuten; mutiletan bezala garbiketa handia egon zen. Danionekin batera finalera Olga Shalagina, Bezkho, Gros, Tarasova eta Bacher pasa ziren. Kanpoan, berriz, Olga Bibik bezalako eskalatzaile indartsua geratu zen.
Danion 25 urteko frantziarra dugu eta finaleko lau blokeak hamabi saialditan sinatu zituen. Erakustaldi horri esker Europako Txapelketa irabazi du: «Birminghameko proba aurtengo nire helburu nagusietakoa zen eta lortu egin dut. Neure buruaren aurkako borroka izan da, neure garaipen-zerrendan benetako titulu bat nahi bainuen. Nahiz eta hatz batetik erabat osatua egon ez arren, ondo jardun dut. Aurten bloke asko egin dut eta uste dut txapelketa honetara sasoiko iritsi naizela».
Bigarren postuan Shalagina ukrainarra geratu zen hiru bloke gaindituz. Brontzea Bezkho ukrainarrarentzat izan zen. Laugarren postuan Gros esloveniarra sailkatu zen, bosgarrena Tarasova errusiarra eta seigarrena Bacher austriarra. Europako Txapelketa honetan euskal ordezkari bakarra izan genuen, Irati Anda. Zailtasunaz gainera nazioarteko blokeko zita handi bat probatu nahi izan du eta, oro har, ez zuen oso lan txukuna egin. Ez zen finalerdietara pasa, eta azkenean 26. postuarekin konformatu behar izan zuen: «Askoz ere gehiago egin nezakeela badakit, baina horrelakoak izaten dira lehiak. Ekipatzaileek antolatutako blokeak oso onak izan dira eta oso lehia ederrak ikusi ditugu».