Egiptoko faraoi «demokratikoak» islamistak basamortuan nahi ditu
Bush presidentea Ekialde Hurbilean bultzatzen ari den «demokratizazio» prozesua emaitzak lortzen hasia da, Iraken ez bada ere. Eskualdean duen aliaturik amorratuenetariko batek, Hosni Mubarak Egiptoko presidenteak, Anai Musulmanak betirako baztertzeko eta salbuespen egoerari maila konstituzionala emateko erreforma inposatu du. Faraoi berriaren helburua, Gamal Mubarak bere semearen oinordekotza inolako oztoporik gabe ziurtatzea da.
Dabid LAZKANOITURBURU
Demokrazia eta islama uztartzerik ba ote dagoen eztabaidatzen duten Mendebaldeko adituek adibide ezin hobea izan dute egun hauetan Egipton. Hosni Mubarak presidenteak eta Ameriketako Estatu Batuen aliatu leialak demokraziaz duen ikuspegiarekin behintzat, ezinezkoa dela ondorioztatu daiteke.
Egiptoko Konstituzioari 34 zuzenketa egiteko Mubarakek deitu erreferendumean hauteslegoaren laurdenak baino ez zuen bozkatu, Gobernuaren arabera. Giza eskubideen aldeko erakundeen zenbaketan, berriz, %5 baino ez zen joan bozkatzera.
Zeintzuk joan ziren, bada? Soldata Gobernuari zor dioten funtzionarioak eta PNDk, Mubaraken alderdiak, Kairoko auzo txiroetatik autobusetan hauteslekuetara eraman zituen herritar xume eta gehienetan, zertara zihoazen ere ez zekitenak.
Astebeteko epean Konstituzioaren erreforma onartu eta bozkarazi du Gobernuak. Lapurrek bezala, Parlamentuan eztabaida saihestu (454 eserlekuetatik 315 berak ditu) eta oposizioaren oihuak isilarazteko, Egiptoko ereserkia abesteari ekin zioten PNDko diputatuek.
Oposizioak bat egin du Mubaraken aurka, Al-Wafdek (liberalak), Tagamuk (ezkerra), Al Karamak (Nasser Egipto berriaren buru historikoaren jarraitzaileak) eta, nola ez, aurreko hauteskundeetan 88 eserleku lortu zituzten Anai Musulmanek.
Islam politikoa lurperatzea
Izan ere, erreformaren oinarrian mugimendu islamista baketsu hori betirako baztertzeko asmoa dago. Zuzenketetariko baten ondorioz, erlijioan oinarritzen diren alderdien debekua aginduko dute Egipton.
Egun debekatua egon arren, barruti batzuetan aurkezten utzi dio erregimenak anaidi islamiarrari. Gainera, hauteskundeetan beti iruzurrak izan arren, emaitza oso onak ateratzen ditu. Zuzenketa horrekin, gutxienez, hauteskunde presidentzialetarako ateak itxi zaizkie, horretarako anaidiak alderdi politiko bilakatu beharko bailuke.
«Herriak islamisten alde egin du. Ezkerra hautatu balu, zuzenketek beste jomuga bat izango lukete, baina helburua bakarra da: oposizioa suntsitzea erregimenaren geroa ziurtatuz», esan du Anai Musulmanen eledunak, Essan al-Eryanek.
88. artikulu berriak epaileek hauteskundeak nolabait gainbegiratzeko zuten ahalmena bertan behera uzten du.
Konstituzio berriak epailearen agindurik gabe «susmagarri» den oro atxilotu, etxeak miatu eta komunikazioak kontrolatzeko ahala ematen dio Poliziari. Eta «susmagarriak» epaitzea militarren esku uzten du.
Anaidikideak atxilotzea gustoko du Mubarakek. Azken hilabeteotan 200 inguru atxilotu ditu, dozenaka erreferenduma iragarri eta hurrengo egunetan. Denak «susmagarriak».
PND «terrorismoaren aurkako» 179. artikulu berria defendatzen saiatu da, «AEBek eta Britainia Handiak», esaterako, antzerako legeak dituztela esanez. Ez zaio arrazoia falta, baina neurri horiek ez dira azken urteotako kontua Egipton. Erreforma horrekin Hosni Mubarakek 1981. urtean presidentetza eskuratu zuenetik ezarri zuen salbuespen egoerak Konstituzioaren bedeinkapena lortuko du.
Azken helburua Mendebaldearekin bat egin duen erregimenaren betikotasuna bermatzea da. Herritarren nahien eta eskubide guztien gainetik.
Demokrazia eta islama uztartzea? Islam politikorik gabe ez dago demokrazia garatzerik Egipton. Ziurrenik, ezta mundu musulman osoan ere.
Una de las enmiendas destierra de la Constitución la referencia al «Estado socialista» de su artículo primero, huella fantasma de la era del líder histórico egipcio y panárabe, el ex presidente Gamal Abdel Nasser.
Tocayo en las antípodas, Gamal Mubarak, hijo del presidente, es precisamente el impulsor de una política económica ultraliberal que condena a la indigencia a creciente capas de la población egipcia. Y es precisamente Gamal el designado sucesor en 2011 de un presidente-padre de 78 años de edad. En espera de la sucesión, corrían rumores ayer en El Cairo de una inminente convocatoria de adelanto electoral para dar a Gamal el cargo-lanzadera de primer ministro.
D.L.