GARA > Idatzia > Ekonomia

Nafarroako mahastizaintza «berriz ere errentagarri» egiteko lan egingo du EHNEk

Rebeka CALVO |

EHNE-Nafarroaren ustez, pasa den astean Nafarroako Ardoaren Jatorri Izenaren Batzorde Arautzailea berritzeko hauteskundeetan, mahastizainen %17k bakarrik bozkatzeak «ekoizle den sektorea ez dagoela gustura» utzi zuen agerian. Natxo Larrainzarren, EHNE-Nafarroako lehendakariaren, hitzetan gainera, «ehuneko kaskar horrek Batzorde Arautzaile berria deslegitimatzen du mahastizainen zati txiki bat bakarrik ordezkatzen duelako». Laborantza sindikatuak «hausnarketa sakon bat egin eta horren arabera lan egiteko» eskaera ere egin zuen.

Gogoratu behar da, EHNE-Nafarroak Batzorde Arautzailea berritzeko bozketan parte ez hartzeko deialdia egin ziela mahastizainei eta bozka emateko eskubidea zuten 5.085 pertsonetatik, 863k bakarrik hartu zutela parte.

Horiek hala, sindikatuaren ustez, abstentzio altuak sektorea «zuzenean euren mahastiak lantzen dituztenei inolaz ere mesederik egiten ez dieten legeekin aspertua» dagoela nabarmentezen du. «Legeak ezin dituzte isilpean egin, ezta ordezkari kopuruak ezkutuka kendu ere. Ezin diote sektoreari ordezkaritza kendu errolden zatiketak eginda, ezin dituzte alaiki bertako ardoaren maila berriak sortu eta ezin dugu mahastiak lantzen jarraitu emaitza ekonomiko kaltegarriekin, azken bost urteetan bezala», azaldu zuen Larrainzarrek.

Hauteskundeak atzean utzita, orain «kosta ahala kosta Nafarroako mahastizainen alde lan egiten» jarraituko dutela esan zuen laborantza sindikatuko arduradunak eta horretarako «hausteskundeek agerian utzi duten arazoa konpontzeko eta batez ere, gure mahastiak Nafarroako Ardoaren Jatorri Izenean berriz ere laborantza errentegarria izan daitezen, deitzen duten edozein mahaietara joateko prest gaude», esan zuen.

Era berean, mahastizainek «jatorrizko salneurri bajuak, betikoak aberasten dituzten politikak eta egokitutako hauteskundeak» ez dituztela onartuko azaldu zuten. Izan ere, «Nafarroako Gobernuak hauteskunde horiek deitu eta arautu dituen ordena forala aldatu zuen bere interes politikoak eta ondorioz, upeltegi handien interes ekonomikoak, babesteko helburuarekin», argitu zuen Larrainzarrek.

EHNE-Nafarroako lehendakariak, bukatzeko, mahastizainen ustez hartu beharreko neurri batzuk badirela esan zuen: «Ekoizpena kontrolatzea, mahastizainen lanpostuak mantentzea, mahastizaintza nekazaritza-ekonomiaren euskarri bezala indartzea eta Nafarroako Ardoaren Jatorri Izenaren kalitatea hobetzea».

«Gizarte-izaera duen edozein proposamenen alde egiten dugu, hau da, lanpostuak mantentzearen eta sortzearen, biodiber- tsitatearen eta nekazaritza-ekonomia bizi baten alde egiten duenaren alde», gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo