GARA > Idatzia > Ikusmira

Energia berriztagarriak, baina ez hitzez soilik

Atzo goizean Greenpeaceko zenbait ekintzailek Iberdrolak Pasaian duen zentral termikoaren tximiniara igo eta handik eskegi egin ziren. Ekintza ikusgarriak, ordea, ez zuen ekintzaileen trebetasuna erakustea helburu, Iberdrolak eta beste zenbailt konpainiak beren praktika diskurtsoan disimulatzen duten trebetasuna agerian uztea baizik. Izan ere, Iberdrolak esan duenez, energia berriztagarrien aldeko apustua egin du, edo Kiotoko protokoloaren aldeko gisa agertzen da, baina Pasaiako zentrala eta Estatu espainolean dituen beste biak ez dira bateragarri diskurtso «berde» horrekin. Hala salatzen du Greenpeaceko kideek tximiniatzarrean idatzi zuten «Stop CO2» erraldoiak. CO2 isurtzea murriztea da, hain zuzen, Kiotoko protokoloko puntuetako bat, aldaketa klimatikoan eragin zuzena baitu. Baina ingurumena errespetatzea aldarrikatu eta kontrakoa egitea enpresa ugariren jokabidea ez ezik, hainbat estaturena ere bada. Kiotoko protokoloa sinatu ondoren, aldaketa klimatikoari aurre egin beharra, ingurumenarekiko errespetua ozenki aldarrikatu ondoren, haien legediak ez dira sinatutako akordioak ere errespetarazteko gauza. Horrek zalantza bat, gero eta txikiagoa, eragiten du: nork erabakitzen duen energia politika. CO2 isurtzea murriztu, energia berriztagarriak erabiltzea bai, jakina, baina benetan, ez hitzez soilik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo