GARA > Idatzia > Euskal Herria

Prozesua gerarazia egoteak interes batzuei erantzuten diola deritzo Erraztik

EAko presidente Begoña Erraztik prozesua geldiarazia egoteak, «aurrera egin ez dezan dauden interesei" erantzuten dioela deritzo. PSNko Fernando Purasek ordea, Nafarroako estatusa jokoan ez dagoela esan eta Miguel Sanzen presidentzia «zalantzan" jarri zuen atzokoan.

GARA |

EAko presidente Begoña Erraztik, «abian egon beharko lukeen bake prozesua, interes batzuei erantzunez» gerarazia dagoela salatu eta horrelako egoerak gertatzea «drama bat dela» adierazi du. Jokabide horiek prozesuak aurrera egin ez dezan gertatzen direla uste du Erraztik eta hori gerta ez dadin, prozesua, hauteskundeen auzitik edota Alderdien Legearen gorabeheretatik aldentzeko eskaria egin die alderdi politikoei.

Radio Euskadiko mikrofonoetan egindako adierazpenetan, hauteskundeen data hurbil izateak, «une korapilatsuak» dakartzala onartu arren, bi hilabete hauetan prozesuan aurrera egin daitekela adierazi du EAko buruzagiak, «lan egiteko molde ugari daudela» argudiatuta.

Alderdi abertzale horren aburuz, Euskal Herriak egun duen abagune politiko ez da hauteskundeetako mementoarekin nahastu behar eta hortaz, une horietan prozesuak aurrera ez egiteak, beste behin ere, «herri honen etorkizunerako hil ala bizikoa den prozesua atzeratzeko zurikeritan aritzea» dela deritzo Erraztik.

PPk PSOEri aurka egiteko prozesua «erabiltzen» duela nabarmendu eta horrekin batera, «zoritxarrez», datozen hileetan alderdien mahaia egon ez dadin interes gehiago daudela adierazi zuen EAko buruzagiak. Bide horretan, EAren hiztegitik salbu, azken garaietan alderdien mahaia, alderdi ororen berbategitik desagertu dela salatu zuen.

«Nafarroa ez dago jokoan»

Nafarroako Gobernurako PSNko hautagaia Fernando Purasek, herrialde horren estatusa jokoan ez dagoela esaten tematu zen atzokoan eta haren iritziz «arriskutan dagoen bakarra» Miguel Sanzen presidentzia dela esan zuen.

Purasek TVEko saio batean egindako adierazpenetan, PSNk Nafarroako estatusa «inolaz ere ez duela aldatzeko asmorik» behin eta berriz errepikatu zuen eta «deitoragarritzat» jo zuen Nafarroako estatusa kolokan jartzea. Zalantzagarritasun hori «errealitatearekin bat egiten ez duela» ere adierazi zuen PSNko hautagaiak.

Era berean, «Nafarroakoa herritarrak, PSOEK eta gure sistema konstituzionalak, gure nahi eta instituzioen gainetik erabakiak hartu ezin izatea bete-betean bermatzen dutela» eman zuen aditzera.

PSNko hautagaiaren aburuz, UPNk «sumin giroa ezarri» nahi izatea, datozen hauteskundeetan «gehiengoa galduko dutela dakitelako» egiten dutela deritzo. Horiek hala, UPNk datozen hauteskundeak «herri galdeketa terminoetan» kokatzen dituela salatu du.

Hauteskunde osteko itunen inguruan galdetuta, Purasek «utziezinezkotzat» jo du Nafarroaren erakunde proiektuaren mantenua, eta hortaz, soilik horrekin bat egiten duten alderdiak «izango dira ongietorriak PSNrekin gobernatzera».

UPNtik gertuago dago PSN

Zangozako alkate Jose Luis Lorenzo (PSN) eta bere taldeko hiru zinegotziak ez dira datorren hauteskundeetan PSNko zerrendetan joango. Alderdi horrek daraman norabidearekiko «ezinegona» erakutsi zuen Lorenzok eta PSNko Nafarroako Parlamentuari begirako zerrendak egiterako orduan, Nafarroa Baitik baino «UPNen joeratik hurbilago egotea» leporatu zien PSNko buruzagiei.

Zangozako alkatearen aburuz, PSNko zerrendak, UPN Gobernura goratzeko xedez egin direla ere adierazi zuen eta horregaitik egin dio muzin zerrendetan joateari.

mahaia

Datozen hilabeteetan alderdien mahaia eratu ez dadin, «zoritxarrez» interes ugari jokoan daudela eman zuen aditzera Begoña Erraztik. Bide horretan, interes horiek prozesua oztopatzea dute xede haren ustez.

PSN

Zangozako alkate Jose Luis Lorenzok (PSN) ez du datorren hauteskundeetako zerrendatan parte hartuko, haren aburuz, alderdi hori Nafarroa Baitik baino UPNren joeratik hurbilago baitago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo