GARA > Idatzia > Euskal Herria

Korrika 15ek euskaltegi berriak eta hobeak utziko ditu Iruñean eta Baionan

Jai giroa, berotasuna, alaitasuna eta, zergatik ez, kirol egiteko aitzaki ederra eskaini arren, Korrika euskararen eta AEK-ren aldeko ekimen bat da, horien garapena eta jarraipena lortzeko diru-iturria. Aurtengo diruari esker, bi euskaltegi sortuko dira Euskal Herrian.

Iker IRIARTE

Aurtengoa, Korrika-ren hamabosgarren edizioa da, eta aurreko guztiek bezala, horrek ere helburu edo jomuga argiak ditu euskararen ingurumariek duten behar zabal eta ia amaiezinen artean: Korrika 15ek Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko euskaltegi edo gau-eskolak laguntzeko xedea du, oso egoera eskasean baitaude.

Horien artean ere behar asko eta oso ezberdinak daude, baina horien artean nabarmentzekoa da bai Iruñean, bai Baionan euskaltegi berri bana sor dadila ahalbidetuko duela aurtengo edizioak.

Aspaldiko proiektuak

Horien gainean gehiago jakin asmoz, GARAk Baionako euskaltegiko Jakes Bortairu eta Iruñeko Irrintzi euskaltegiko Asier Biurrunekin hitz egin zuen bi proiektu edo egitasmo horiei buruz.

Biek aitortu zutenez, euskaltegi berriaren beharraz duela urte batzuk ohartu ziren, eta denbora luzea daramate horretan lan egiten. Baionakoaren kasuan, kezka 1996an sortu zitzaiela aipatu zuen Bortairuk, eta 2000. urtean erosi zutela egoitza berria. Iruñeko kasuan, aldiz, proiektuak bost-sei urteko ibilbidea duela esan zuen Biurrunek.

Bataren eta bestearen beharrrak, aldiz, ezberdinak dira: Baionakoaren helburua, ordura arte sakabanatuta zeuden hiru elementu batzea da: «bertako euskaltegia, Biltxoko deitzen den kultur elkarte bat eta Iparraldeko AEK-ren zerbitzuak», Bortairuren esanetan. Euskaltegiak euskaraz ikasi eta irakasteko baldintza duinak behar zituen: gela gehiago, eta zabalagoak. Bortairuren esanetan, apustu «ausarta» da, baina tresna «oso eraginkorra eta ona» izaki, merezi duela ziurtatu zuen behin eta berriz. Iazko ekainerako lanak amaituta behar zuten arren, datozen hilabeteetarako bukatuta egongo direla espero dute.

Iruñean, berriz, Donibane auzoko Irrintzi eukaltegia da onurak jasoko dituena, lokal berria erosi baitute, datorren ikasturterako martxan egongo dela espero dutena Biurrunen ustez. Gela gehiago baino, handiagoak behar dituela adierazi zigun Biurrunek, eta lokala bilatzea zail izan zen arren ekainerako lan guztiak amaiturik egongo direlakoan agertu zuen.

Era berean, azken urteetako matrikulazio datuen gorakada ikusita, bi solairuko egoitza berriak aurreragoko beharrei erantzuteko ere balio izango duela adierazi zuen Biurrunek. AEK-ko kideei «pilak jarriarazi» dizkiela ere baieztatu zuen ere.

GELDIARAZITA

Garzon epaileak geldirik mantendu zituen denbora batez baldintza «duinak» lortzeko proiektu biak, eta hortik dator atzerapena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo