GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Marije Fullaondo, Eli Zubiaga eta Mikel Galartza Batasuneko mahaikideak

Iruzur berriei ateak ixteko garaia

Lurralde zatiketak eragindako kalte horiek guztiak gainditzeko marko berri baten beharra daukagu, Euskal Herri osorako hezkuntza sistema propioaren eraikuntza gauzagarri egingo duena

Euskararen normalizaziorako oso une garrantzitsua bizi dugu Euskal Herrian; une historikoa, agian. Izan ere, hilabeteotan, Euskal Herrian eragina duten administrazio guztietan zehazten ari dira datozen urteetan euskararen normalizazioaren eta ikasleriaren euskalduntzearen norabidea mar- katuko duten hezkuntzarako hizkuntza politikak.

Gure ikuspuntutik, hizkuntzen alorrean, hezkuntza formalak helburu argia dauka: euskaldun eleanitzak formatzea. Ondoko lerroetan azaltzen dugun irakurketak administrazio desberdinek egindako proposamenek helburu horretara iristeko ematen dituzten aukeren gaineko azterketa egitea du helburu.

Parisko Gobernuaren menpe dagoen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberorako finkatu duen hizkuntza politika orokorrean euskarari ez zaio inolako izaera ofizialik aitortzen eta, ondorioz, ez dago mekanismo juridiko administratiborik herritarren hizkuntz eskubideak ber- matzeko; ez da helburu zehatzik finkatzen; gurasoek beren seme-alabentzako irakaskuntza hizkuntza aukeratzeko bideak ireki behar direla esaten da, baina egun dauden apurrak nola hala mantentzea baino ez du balizko helburu; ezinbestekoa den langileen areagotzea ez da inondik inora ziurtatzen; hezkuntza formalaren eremutik haratago, aipatu ere ez dira egiten euskarak bere biziraupenerako ezinbestekoak dituen gainontzeko eremuak: administrazioak, lan mundua, osasuna, justizia...; asmoa baino ez diren horiek gauzatzeko epeak edota bitarteko eta baliabideak ez dira zehazten. Horien guztien ezean, hizkuntza politikaren proposamena paper bustia baino ez den marketin kanpaina hutsa da.

Iruñeko Gobernuak, berriz, LOEren garapenerako curriculum ofizialaren proposamenean zehaztu du nola aplikatuko duen bere hizkuntza politika Nafarroa Garaian. Zonifikazioaren eraginez, euskal hizkuntz komunitatea ez da babeserako subjektu Nafarroa osoan; beraz, herritarren arteko bereizkeria eragiten da; euskarak aitortza ofiziala duen eremuetan euskalduntzea bermatzen ez duten hizkuntza-ereduen politikari heltzen zaio; aitortza ofizialik ez dagoen eremuetan, berriz, hezkuntza publikoan debekatu egiten da nolabaiteko euskalduntze maila ber- matzen duten ereduak ezartzea eta ikastolei jartzen zaizkien oztopoak agerikoak dira; curriculum proposamenean oso adierazgarria den bitxikeria ematen da: gaztelania lehen hizkuntza gisa (L1) izendatzen da, ingelesa bigarren hizkuntza gisa (L2) eta euskarak Modelo D eta Modelo A izendapenak ditu; hizkuntzen curriculum integratuaz hitz egiten da eta, euskararen egoera diglosikotik abiatutako beharretatik aplikatuz gero, ikuspegi didaktikorik egokiena izan zitekeen, baina kontzeptu horren atzean, egungo D ereduetan euskarari ordu kopurua murriztuz, «Anglo B» ereduaren antzeko zerbaitera jotzea ezkutatzen da, sekulako atzerapausua litzatekeena. Gobernu Foralak, euskarari dagokionez, eskubideen urraketaren bidetik jarraitzeko hautua egin du.

Gasteizko Gobernuak, 25 urteren ondoren, euskara ardatz izango duen «hizkuntzak irakatsi eta ikasteko marko» berriaren proposamena egin du. Derrigorrezko hezkuntzara mugatzen da, 6-16 urte bitartekora; curriculumeko hizkuntza guztiei helburu neurgarriak ezartzen zaizkio, baina ez da zehazten helburu horiek nola lortuko diren: prozedurak, bitarteko pertsonal, material eta ekonomiko zehatzak, behar ekonomikoak aurrekontuetan, ikuspegi pedagogikoa, eredu metodologikoak, plantilen zabaltzeak, langileriaren formazio planak, langileriaren elebitasuna bermatzeko tresnak, unibertsitate mailan erronkari erantzuteko ireki beharreko ikerketa lerroak...; ikastetxeen autonomian oinarritzen da, baina autonomia hizkuntzen kudeaketaren eremura soilik mugatuta, eta ez da esaten zeintzuk diren mugak; ez da esaten euskararen egoera diglosikotik abiatu behar dela ezarritako hizkuntza helburuak lortzeko eta, egoera horretan eus- karazko murgiltze osoko sistemak edo mantentze sistemak ezarri behar direla; ez da agertzen ikastetxe tipologia bakoitzaren beharrei erantzuteko hizkuntza bakoitzari esleitu beharreko ordu kopuruak nola finkatuko diren; are gehiago, azterketa soziolinguistikoa ez da nahikoa, eskola-komunitatearen maila sozio-ekonomikoa eta soziokul- turala aztertzea ezinbestekoa da; ez da aipatzen hizkuntza politika integral eta instituzio artekoaren beharra; ez da esaten marko berriaren legea onartzeko euskararen erabilera arautzen duen legea eta irakaskuntza publikoaren legea aldatzetik hasi behar dela, ezta hezkuntzarako lege orokorra ere beharrezkoa dela. Beraz, proposamenak interesgarria izan zitekeen norabidea marrazten badu ere, zehaztapen eta konpromiso mailarik txikiena ere ez du finkatzen.

Horien guztien ondorio gisa, berezko hizkuntza bakarra duen Euskal Herri bakarrean hiru hizkuntza politika desberdin aplikatzen dira. Nabarmena da, beraz, euskal herritarroi inposatutako marko juridiko politiko zatikatzaileak euskarari eta euskal kulturari egin eta egiten dion kaltea eta, estatu espainiarraren kasuan, gobernu autonomikoen kudeaketa kaskarrak eragin dituen ondorio kezkagarriak.

Lurralde zatiketak eragindako kalte horiek guztiak gainditzeko marko berri baten beharra daukagu. Euskal herritar ororen eskubide guztien gauzatzea bermatuko duen marko berria; besteak beste, Euskal Herri osorako hezkuntza sistema propioaren eraikuntza gauzagarri egingo duena. Hala ere, hezkuntzaren bidez bermatu beharreko hizkuntz eskubideen urraketari dagokionez, egungo administrazioak kudeatzen dituzten alderdiek daukate ardura osoa; izan ere, eskumen osoak dituzte alor horretan.

Hori dela eta, berriro ere heldu nahi diogu egungo unearen garrantziari, historikoa izan daitekeen aukerari. Euskal Herri osorako baliagarria den hizkuntza politika integrala zehazteko aukera zabalik dugu eta, horren barruan, hezkuntzarako hizkuntza politika bakarra zehazteko aukera. Borondatea baino ez da behar, borondate politikoa. Eta, ohi bezala, gobernu eta legebiltzar desberdinen «borondate» hori bultzatzeko herri presioa behar-beharrezkoa da; aukerari erreparatuta, inoiz baino beharrezkoagoa.

Ez dezagun alferrik galdu zabalik daukagun aukera. Iruzur berriei ateak ixteko garaia da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo