EMAKUMEZKOEN FUTBOLA Apirilaren 6an jokatuko da partida Buenos Airesen
Argentinan izango da euskal selekzioa Aste Santuan
Euskal Herriko jokalariek beren maila neurtuko dute Ameriketako talde indartsuenetako baten aurka
Manex ALTUNA | ZAMUDIO
Emakumezkoen futbol selekzioak bere historiako bigarren partida jokatuko du Aste Santuan Buenos Airesko Club Defensores de Belgrano futbol zelaian. Horrela, Euskal Herriko jokalariek beren estreinako partidan jasotako porrota bueltatu ahal izango diote Argentinari, irailean Irunen jokatutako norgehiagokan 2-4 gailendu baitzitzaizkien.
Euskal selekzioa apirilaren 3an abiatuko da Loiutik Argentinarantz eta apirilaren 6an norgehiagoka jokatzeaz gain, entrenamendu pare bat ere burutuko dituzte bertan. Buenos Airesko Euskal Etxeak ere apirilaren 7an harrera egingo diela adierazi zuen Euskadiko Futbol Federazioak, Zamudion egindako agerraldian. Azken orduko ezustekorik gertatzen ez baldin bada, partida ezin izango da zuzenean telebistaz jarraitu Euskal Herrian.
Athletic nagusi deialdian
Sebastian Martija hautatzaileak eman zuen Argentinara joango den jokalari taldearen berri. 18 jokalari deitu ditu eta Superligan ari diren hiru euskal taldeak ordezkatuak egongo dira. Baita goiko postuetan dauden Espanyol, Rayo Vallecano eta Levanteko jokalariak ere.
Taldekide gehienak Athleticekoak izango dira; zuri-gorriak Superligako lider dira eta nagusitasun hori islatua geratu da. Hautatzaileak berak adierazi zuen bezala, «azken finean, Athletic Euskal Herriko jokalari onenetarikoen selekzioa baita».
Iñigo Juaristik zuzentzen duen taldeko hamaika jokalarik defendatuko dute selekzioaren elastikoa -Gurutze Fernandez, Itziar Gurrutxaga, Eli Ibarra, Aitziber Juaristi «Tzibi», Vanessa Rodriguez, Ainhoa Tirapu, Eba Ferreira, Arrate Orueta, Marta Moreno, Erika Vazquez eta Amaia Olabarrieta-, Realeko hiruk -Gurutze Del Ama, Maite Lizaso eta Evelyn Santos- eta Lagunak, Espanyol, Rayo Vallecano eta Levanteko jokari banak, Maria Sanchez, Ane Bergara, Maria Paz eta Maider Castillok, hurrenez hurren.
Martija gustura azaldu zen eramango duen taldearen mailarekin eta Hego Ameriketako talde indartsuenetako baten aurka jokatzea aukera paregabea dela esan zuen. Bere iritziz, oraingoan estuago hartuko dituzte aurkariak iraileko partidan denboraldiaurrean baitzeuden euskaldunak.
Argentina, dagoeneko, aurten Txinan egingo den datorren Munduko Txapelketarako sailkatua dago eta orain dela hilabete pare bat Brasili gailendu zitzaion Hego Ameriketako txapelketako finalean. Brasildarrak nazioarteko bost selekzio onenen artean daude talde eskandinabiarrekin, Estatu Batuekin, Txinarekin eta Hego Korearekin batera.