GARA > Idatzia > Pilota

Aurkezpena

Berrikuntza gutxi eta zer ikusi asko Buruz Buruko Txapelketan

Ezkerreko hankarekin eman du aurtengo Buruz Burukoak bere lehen urratsa. Xalak eta Gonzalezek istripu larria izan zuten aurkezpen ekitaldira zihoazenean eta Irujo, iazko txapelduna, gaixo dago.

Asier AIESTARAN | BILBO

Bilbon egindako Buruz Buruko Txapelketaren aurkezpen ekitaldia nahi baino gorabeheratsuagoa suertatu zen. Urteko lehiaketa nagusian parte hartuko duten hogei pilotarietatik bostek ezin izan ziren Bizkaiko hiriburura izan arrazoi ezberdinengatik eta, beraz, aipatu kirolariek ezin izan zuten kanporaketa ezberdinen zozketa bertatik bertara jarraitu.

Arazorik larriena, zalantzarik gabe, Xala eta Gonzalezek izan zuten. Bi aurrelari lapurtarrek trafiko istripu larria izan zuten Bilbora bidean zirela. A-8 autobidean, Itziar eta Elgoibar artean, auto batek olio putzuren bat zapaldu, kontrola galdu, eta aurreratzen ari zen pilotarien autoa jo zuen bete-betean. Ibilgailuak txikizio dezentea jasan zuen, baina, zorionez, Xala eta Gonzalezek ez zuten minik hartu zoritxarreko gertaeran.

Juan Martinez de Irujok ere ezin izan zuen Bilbon egon. Dirudienez, egungo txapelduna sabeleko arazo txiki batzuekin dabil eta, Patxi Eugirekin batera Bilbo aldera abiatu zen arren, berriz etxera bueltatu behar izan zuten Irujo ez zegoelako bidaiatzeko moduan.

Huts egin zuen bosgarren pilotaria Pedro Martinez de Eulate izan zen. Atzelari nafarrak, igandean parranda itzela bota eta gero, medikuarekin ordua omen zuen atzo. Badirudi Eulate ere ondoezik dabilela.

Iazko txapelketarekin alderatuta, hiru aurpegi berri ikusi ahal izango ditugu aurtengo lehiaketan. Iaz min hartuta kanpoan geratu zen Iñigo Pascual eta bigarren mailako txapeldun irten zen Asier Berasaluze, Fernando Goñi eta Oskar Lasaren ordez sartzen dira; Urberuagak, berriz, bere lekua Aritz Laskuraini utzi behar izan dio aurreko ostiralean jokatutako kanporaketa galdu eta gero.

A eta D, gogorrenak

Gauzak horrela, lehen kanporaketan Aspeko sei pilotari arituko dira eta Asegarceko bi baino ez. Abel Barriolak, 2002ko txapeldunak, Enrike Galartzaren aurka jokatuko du A multzoan. Adar horretan sartuko dira Xala, 2004ko txapeldunordea, Peñagarikano eta Martinez de Irujo, egungo txapelduna. Ohikoa izaten ez den arren, Barriolak azken urte eta erdian izan dituen arazoek Buruz Buruko txapeldun bat lehen kanporaketa jokatzen ikustea ahalbidetuko du.

D multzoan, Koka eta Berasaluze IX.a neurtuko dira lehen kanporaketan. Ondoren sartuko dira Oier Zearra, Patxi Ruiz, 2003ko txapelduna, eta Aimar Olaizola, 2005eko irabazlea. Bi multzo horiek (A eta D) izango dira, hasiera batean, bi gogorrenak eta, horrela, enpresek Irujo eta Olaizola II.aren arteko lehia, azken bi urteetako finalaren errepikapena litzatekeena, finaleraino atzeratzea lortu dute.

Tarteko beste bi multzoak, B eta C adarrak hain zuzen ere, ahulxeagoak dirudite paper gainean. Bigarren multzoko lehen kanporaketa Imanol Agirre eta Iñigo Pascualek jokatuko dute. Zain daudenak: Asier Olaizola, Patxi Eugi, 1996, 1999 (Aspe) eta 2000ko txapelduna, eta Ruben Beloki, 1995, 1998, 1999 (Asegarce) eta 2001eko garailea. Litekeena da, beraz, final-laurdenetan Eugi eta Belokik, hiru finaletan neurtu izan dira, elkarren aurka jokatu behar izatea.

Azkenik, C adarrean ezohiko zenbait neurketa ikusteko aukera izango dugu. Lehen kanporaketan Aritz Laskurain eta Pedro Martinez de Eulate lehiatuko dira. Bi atzelarien arteko neurketa irabazten duenak, ordea, hiru aurrelari izango ditu zain: Oinatz Bengoetxea, Iñigo Leitza eta Sebastien Gonzalez.

Ostiral santuan hasita

Buruz Burukoak jada baditu, egun bat gorabehera, datak zehaztuta. Txapelketari hasiera Abel Barriolak eta Enrike Galartzak emango diote Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Bi nafarrek apirilaren 6an jokatuko dute, ostiral santu egunean. Laskurain eta Eulateren arteko lehia, berriz, oraindik erabat zehaztu gabe dago: igandean Zarautzen edo astelehenean Bergaran jokatuko litzateke. Asegarcek antolatuko dituen beste bi jaialdiek oraindik ez dute ez lekua eta ez eguna.

Aurreko urteetan bezalaxe, finalerdiak asteburu ezberdinetan jokatuko dira, maiatzaren 20an lehena eta 27an bigarrena. Final handia ekainaren 10ean jokatuko dute oraindik zehaztu gabe dagoen pilotaleku batean. Patxi Mutiloak atzo aipatu zuenez, enpresak Donostiako Udalarekin hitz egiten ari dira akordio batera iristeko.

Azkenik, eta salbuespenak salbuespen, lehiaketan zehar ezingo da atzerapenik eskatu. Finala gehienez ere ekainaren 24a baino lehen jokatuko da eta pilotariren batek ezin izango balu ekainaren 9an jokatuko den hirugarren posturako lehiaren irabazleak ordezkatuko luke.

El Comité Organizador de Pekín 2008 presentó ayer las medallas oficiales para los Juegos Olímpicos, en los que introducirá una gran novedad: cada una de las tres medallas (oro, plata y bronce) tendrá incrustaciones de jade.

Zozketa adi-adi jarraitu bai, baina umoreari ere tartea egin zioten

Bilbora iritsi ziren hamabost pilotariek adi bezain irribarretsu jarraitu zuten BBKren egoitzan egindako aurkezpena. Txapeldunaren faltan, Aimar Olaizolak erakarri zuen gehien komunikabideen arreta. Goizuetarrak, ohikoa den moduan, «aurkari errazik» ez dagoela adierazi zuen aurkezpena amaitutakoan eta «txapela irabazi nahi duenak partida guztiak, errazak eta zailak» irabazi behar dituela gogoratu zuen. Oso bestelakoak ziren, esaterako, Aritz Laskurain edota Asier Berasaluze bi debutariren hitzak. «Kokaren aurkako lehen partidan nire benetako maila ematea da helburua, hori oso argi daukat. Sailkatuz gero, Oier Zearraren aurka jokatuko nuke, eta beste bizkaitar baten kontra jokatzea beti da polita, baina orain ez dut nahi horretan pentsatu», adierazi zuen aurrelari berriztarrak. Soraluzeko atzelariak, bestetik, lehen mailako txapelketan sartzearen garrantzia nabarmendu zuen, Eulate gutxietsi gabe. «Maila honetara iritsita, niretzat partida guztiak dira zailak. Arazo fisiko guztiak gainditu ditut eta ostiralean emandako irudi txarra hobetzen saiatuko naiz hemendik aurrera», esan zuen apal-apal Aritz Laskurainek.

A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo