GARA > Idatzia > Euskal Herria

Batasunak bere «poza" agertu du ABk hautagaitza bateratua hobetsi duelako

Azken asteetako gorabeheren ondoren, azkenean Euskal Herria Bai koalizioa eratuko dute ABk, Batasunak eta EAk ekainean egingo diren Asanblea Nazionalerako hauteskundeei begira. PNB kanpo geratu da, baina «atea zabalik" daukala nabarmendu dute hirurek.

GARA|

Batasunak bere «poza» agertu du larunbatean Abertzaleen Batasunak Euskal Herria Bai dinamikarekin jarraitzeko hartutako erabakiagatik. Indar abertzalearen ustez, «berri ona» izan da, «egoera politikoak gorabehera, Estatu frantsesak Euskal Herria ukatzeko duen jarreraren aitzinean zenbait sentsibilitatetako indar abertzaleek lan bateratuari ekiteko gaitasuna erakutsi baitute».

Aspaldiko partez, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko abertzaleek hautagaitza bateratua bozkatzeko aukera izango dutela nabarmenduta, «abertzaletasuna eta Euskal Herriko eskubideen defentsa berrindartuko» direla uste osoa adierazi du Batasunak.

EAk ere, ABk eta Batasunak «erakutsitako heldutasuna» goraipatu eta «Ipar Euskal Herriko biztanleekiko arduraz jokatu dutela» esan du.

Biltzarra larunbatean

Batasunarekin batera koalizioa egiteko aukera baztertu ostean, PNBk berarekin eta EArekin joateko eskaintza egin zion ABri. Larunbatean biltzarra izan zuen ABk, ekainean Pariseko Asanblea Nazionalerako hauteskundeetan izango duen jarrera erabakitzeko. Azkenean, ABk berak proposatutako Euskal Herria Bai formula hobetsi zuen biltzarrak, betiere PNBri atea irekia utzirik koaliziora gehitu dadin.

ABk adierazi du, alderdien artean dauden ikuspegi desberdinetan argitze eta zehazte lana egin beharko dela oraindik, hainbat gaitan bat ez datozelako (AHT, Departamenduaren eskakizuna...). Halaber, beren biltzarraren bezperetan «erabili diren modu batzuk» argituko ditu talde honek Batasunarekin, koalizioaren alde egiteko izan diren deialdiak presio gisa hartu dituzte ABren baitan.

2008rako HAZIA

ABk espero du orain lortutako batasuna 2008an egingo diren kantonamendu eta Herriko-Etxeetako hauteskundeetarako hazia izango dela. Boz desberdinak izanik ere, «abertzaleek batera joateko ahalegin guztiak egiteko» prest agertu da. PNBri dei egin dio berriro, beste hirurekin bat egitera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo